Argazkia: Unai Beroiz.
Zaraitzuko ibarra, Zangoza, Ilunberri, Lizarra, Andosilla eta Tuterako musika eskoletan txistua ikasgai izateko eskaria eraman du EHTE Nafarroak legebiltzarrera. Txistua ez baita “Eunateko edo Zangozako Santa Maria elizak baino ondasun xumeagoa”.
Nafarroako legebiltzarreko lan saio batean txistua izan dute mintzagai. Euskal Herriko Txistu Elkartea Nafarroa-ko kideek eskari zehatza eraman dute bertara, Patxi Rodriguez elkarteko ordezkaria buru dutela. Txistua, herrialdeko Musika Eskola ofizialetan irakasgai nahi dute, eta horretarako, epe ertain-luzeko plangintza eskatzen dute. Baita, irakaskuntza hau profesionalen esku egon dadila, hots tituludun txistu irakasleengan.
Zaraitzuko ibarra, Zangoza, Ilunberri, Lizarra, Andosilla eta Tuteran baliatu nahi dute aukera hau, “txistuari dagokionez duten potentzial eta mapa foralean duten garrantziagatik” Arkaitz Ibarrak azaldu duenez. Eskola ez ofizialetan, borandatezko irakasle ez formatuek egiten ari diren lana ere azpimarratu nahi izan du. Agerraldia, nafar hezkuntza sisteman txistuaren irakaskuntzaren egoera baloratzeko probestu dute.
EHTE Nafarroako kideen artean, Urtzi Irazoizek ere hitza hartu du, gure musikatresnaren balioan azpimarra jartzeko: “txistua ez da Estafetan eros daitekeen souvenir bat, baizik eta bizi-bizirik dagoen musikatresna eta gure ondarearen parte”. Ondare horren defentsa egiteko beharra aldarrikatu du, txistua ez baita “Eunateko edo Zangozako Santa Maria elizak baino ondasun xumeagoa”. Arlo honetan kezka azaldu du, “inork ez luke ulertuko potere publikotik eliza hauek, guztiok arkitektura altxortzat ditugunak, mantentzeko lanei uko egitea, horren ardura elizari soilik dagokiola esanez. Ba, txistuari dagokionez, hauxe gertatzen ari da, neurri batean”. Hala ere, “Nafarroa txistuaren abanguardian” dagoela azaldu du, bertako goi-mailako kontserbatorioak inork baino titulatu gehiago ematen baitio txistuari.