Irailak 15

Argazkiak:Topatu.info

Euskal Herriko Txistularien Elkartea  Migel Anjel Sagasetari eskainitako omenaldiaren kronika duzue hauxe, eguneko gertakizunen kontakizuna Jose Manuel eta Idoia Albénizen eskutik.

Irailak 15a, zerua oskarbi esnatu zen eta, zorionez, horrela mantendu zen egun osoan zehar, nolabait omenaldiarekin bat egin nahi zuela zirudien.

Bederatzi eta erdietan, programatua zegoen gisan, Euskal Herriko Txistulari elkarteko, nahiz Leitza zein Urdiainetatik bertatik hurbildutako txistulariak frontoian elkartzen hasi ziren entsegua egiteko, elkar agurtu eta eskuak estutu etab. Aurkezpenak buruturik, atrilak montatuta eta txistuak eskuan, Aitor Urkiza zuzendari, entseguari ekiten zaio. Hau bukaturik, dena eguneko egitarau estuari jarraiki, herrian zehar goiz deiak egiteko tenorea zen, eta aurreikusita baino beranduago atera ziren.

On Migelekin hitz ordua hala jarrita, Etxarrira joan nintzen bere bila, elizaren ate aurrera iristsi nintzenean nire zain zegoen, makila eskuan eta karpeta besapea. Egunon On Migel, nola zaude?, “flan baten gisan”.

Herritik atertzerakoan honela esan nion: “hauek pixkat berandu dabiltza, orain dela gutxi atera dira jotzera, beraz lasai joango gara”, eta berak erantzun: “orduan goazen errepide zaharretik, jendea eta herriak ikusteko”. Bidean zehar, zeharkatzen ditugun herriei buruzko istorioak kontatzen dizkit, “mendian, goian, dagoen baseliza ikusten duzu, ba Santa Marina da, bertan Zumalakarregi izan zen, eta Isabeldarrak etorri zirenean, baselizako oholak sakanetik bota zituen”, host, jakinduriaz beteriko gizona eta noski, bidaia, ezin entretenigarriagoa.

11: 15: Urdiain pixkanaka betez doa, familiakoen, lagunen eta Luzaideko Bolanteen autoz, bitartean herria zeharkatuz goiz deiak ematen dihardute txistulariek. Ibilbidea Jasoneko Eliza ondoan bukatzen dute, non omenduaren zain baidaude. On Migel Anjelek bertaratuak agurtu eta segizioa antolatzen da Udaletxerako bidera lotuz. Buruan elkarteko lehendakari Iñaki Eguren, On Migel Sagaseta, Nafar Gobernuko kultura zuzendari Dori Lopez, Urdiaingo alkate David Oroz, ogasun kontseilari Mikel Aranburu eta omenaldiko antolatzaile Jose Manuel Albeniz.

 

 

Udaletxe atarira heltzean, guztiok elkarrekin argazkia egin eta Alkate Soinuak doinuarekin bat agintari eta beratraatutakook dominaren emate ekitaldira igotzen gara.

11:50ean On Migel Angeli eskainitako omenaldi ekitaldia hasten da, etengabe Aita Migel gisa aipatzen dutena. Lehen ilaran agintariak, atzean Sagasetaren sendia eta gainerako ilarak Urdiaingo herritarrek betetzen dituzte. Zutik, batez ere, txistulariak daude.

Iñaki Eguren Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakariak ekitaldia omenduari eskerrak emanaz ekiten dio, protagonistak Leitzan eta Luzaiden eginiko lana azpimarratuz, zeinak urte luzetan aukera eman baitie txistulariei primerako masteriala izatea. Eskertzen ditu baita agintariak beratratu izana, Urdiaingo Alkatea, Bolantak, baita On Aurelio Sagaseta, On Migelen anaiaeta Iruñeako Katedraleko txantrea eta bertako Musika Kaperako zuzendari ere badena.

Hitzarekin Urdiaingo alkate David Oroz jaunak jarraitzen du, orohar bertaratu guztiei ongi etorria eginez. Nabarmendu egiten du Aita Migelen lana eta bere izaera, horren lekuko argia bertan diren guztiiak omenaldira lotu izana.

Elkartearen izenean, Leire Goñik, omenduaren bigrafia labur bat irakurtzen du, zeinean dantzak eta jauziak biltzen egindako lana aipatzen duen. Hori guztiaren emaitza Luzaideko Dantzak liburua eta gerora etorriko diren beste argitalpenak. Azpimarra jartzen zaion  Lapurdi, Bearn, Zuberoa eta abarretik egindako ibilbideari.

Ostera ere, EHTEko lehendakariak urrezko dominari buruzko hitz batzuk esan eta Jose Manuel Albenizek omenduari merito hori aitortzeko egin zuen proposamena aho betez onartu zela azaltzen du. Era honetan, Aita Migeli urrezko domina eskaintzen zaio, blasoi berde batek edertua. Gotzon Olartek aurreskua dantzatzen dio, On Migelen begirada arretatsuaren aurrean.

12:10 Omenaldiarekin jarraituz, omenduak hitza hartu nahi du. Lehenengo eta behin, bertaratutako guztiei bere esker ona adierazten die, agintari, lagun, antolatzaile eta lotu diren guztiei. Gogoan izan nahi ditu musika, kantu eta partituren bidez informatzaile izan dituen guztiei, Bearn, Zuberoa, Baztan eta Luzaide bezalako lurralde anitzean zehar izan zituenak, baita bere liburua argitaratzea posible egin zutenei, buruan izan ez zuen helburua bide batez. Ituren jaiotzeaz izan zuen suertea azpimarratzen du, non musika eta dantzak estimatuak baitziren. Bere sendi ingurua eta On Bizente Hernandorena, Iturengo erretore dantza irasle bokazioazkoa. Aipatzen du baita zelako inpresio sakona eragin zioten Luzaideko Bolanteek eta euren jautziek.

Pasarte moduan kontatzen du, nola vespa bat eta bere sotana azpian eskutatzen zuen kassete bat erabiltzen zituen, azken hau ezkutuan, elkarrizketatuak lotsatu ez zitezen beraien melodiak moztuz.

Leitzan hartu zuen denbora partitura transkribitzeko eta On Jose Maria Satrustegi, Urdiaingo erretorea, izan zen Luzaideko Dantzak liburua argitaratzera bultzatu zuena, leku guztietatik zabaldu den liburua eta ondorioz bere lana ere hedatu duena.

Urteak aurrerago, Xabi Egiguren izan zen gehiago argitaratzera animatu zuena, eta etorriko ziren urteotako oporrak baliatuko zituen bukatzeke zeukan lana osatzeko, material gehiago bilduz Zuberoan, non Luzaiden geratu zitzaion moduan, ateak parez pare irekitzen baizizkioten, lanak alboratuz bere musika maitatuaz mintzatzeko. Txistularien argazkiak bildu zituen, gerora nortzuk ziren, zein zen beraien sorlekua eta bizirik egondako urteen berri jaso zuen. Testuingurua ematea garrantzitsua zen. Beraz, bere liburua 2010ean argitaratu zen.

Hortik aurrera bere lana gainerakoon esku uzten du, humiltasunez adieraziz, norbaitek jarraitu beharko duela eta balitekeela berak baino hobeto egitea.

Txalo batzuen ostean, Migel Granada Camino Luzaideko zinegotzia agertzen da eta On Migeli opari xume bat ematen dio, txapela bat da, gorria, Bolanteek darabiltenetakoa.

12:37 Aita Migelen sendiak ere, aktiboki esku hartu nahi du omenaldian eta bere anaia Aureliok, ezusteko bat prestatua dauka. Bera Migel Anjeli txistua azaletik erakutsi ziona izanik, partitura berezi bat jotzea erabakitzen du, Iturengo Soka dantzaMigel Anjel beraren eskuizkribu batetik eta Teodoro Larralderen ezpelezko txistu bat erabiliz. Aita Migel, domina paparrean, biziki hunkiturik, doinuari eskuekin jarraitzen dio.

Xabier Egigurenek, lehenago On Migelen kolaboratzaile eta lagun gisa aipatua izan denak, bere liburuaren irudia kuadro eder egina ematen dio. ​

Areto guztia, prestatu gabe bazegoen ere,  zutik jartzen da Agur Jaunak eresia kantatu eta entzutera.

13:10 Udaletxe aurrera dantzara ateratzen dira Luzaideko Bolantak, hirugarren dantzan publiko artetik hainbat dantzara lotzen dira Aita Migel ospatuz, zeinak aulkian eserita ikusten du emanaldia lagun eta senideez inguraturik. Pixkat beranduago, Jean Mixel Bedaxagarrek txirula eta ttun ttuna  jotzen ditu, ondoren, ahots soilez, bi kantu eder ematen dituelarik.

13: 45 Berriro ere Bolantak agertzen dira, bitartean Mikel Lasartek, pausuak ematen dizkie Udaletxeko balkoitik. 13:59 ​ean agurtzen dira.

14:03an bertaratutakoen argazki ofiziala egiten da, txistulari, dantzari, agintariak On Migel Anjel Sagasetaren inguruan bilduz.

Ekitaldiaren ostean, beraratutako gehienak frontoirako bidea hartzen dute, bazkari eder bat egiteko eta bazkaloste ezin hobeaz gozatzeko.