Zazpi platereko menua

Nola erakutsi txistuak eskaintzen dituen aukera ezberdinak?. Galdera horri erantzun bila hasi ziren EHTE Nafarroako sukaldean. Emaitza zazpi platerreko menua. Mahaira esertzeko prest?.

Gaur egungo txistuak nahi adina bide jorra ditzake, hori erakusteko grinarekin EHTE Nafarroan lanean jarri ziren, gure musika-tresnaren irudia errealitatera ekarri gura duen priektua garatzeko. Lapikoan sartu dituzte herri musika, jazza, ganbara musika, aktoreak, musika afro-kubatarra, musika garaikidea, aintzinako musika, kalea, eskenatokia… Emaitza, zazpi eskaintza ezin anitzagoak.

Proiektua Nafarroako Gobernuan aurkeztu zuten, eta ekainean baiezkoa jaso zuten, Sustraiak programaren barruan sartuz. Geroztik, agenda irekita dute eta emanaldiak lotuz dabiltza egun. Helburua, Nafarroa txistu doinu anitzez bustitzea. Ezagutu dezagun eskaintza, platerez plater.

Aunitz urtez

Musika afro-kubatarra eta txistua nahastea posible al da? Noski baietz. Horren erakusgarri da Aunitz Urtez kontzertua. Hori posible egiteko Fermin Goñi txistulariaren Ache pa ti talde igoko da oholtzara. Jazz lengoaia ere oso presente egongo da emanaldian.

Txistua eta organoa

Txistuaren soiltasuna eta tradizioa eta organoaren handitasun eta aniztasuna elkartu nahi dituen kontzertua prestatu dute Nahasketa ez da arrotza, izan ere gure musika egile handienetako batzuen obrak joko baitituzte horren erakusgarri. Entzungai izango dira Aita Donostia, Tomas Aragües, Tomas Garbizu, Lorenzo Ondarra eta Jose Luis Frantzesena obrak kasu. Jotzaileak Iker Alvarez, Xabier Olazabal eta Aitor Urkiza txistulariak eta Jesus Martin Moro organo jotzailea.

Ipuinetan ez bezala

Gazte eta helduei zuzenduriko euskarazko ipuin musikala da. Hiru agerralditan dago banatua eta musika eta antzerkiaren arteko uztartze estua dauka muinean. Entretenimendurako parada euskara eta txistua lotuz. Zortzi txistulari, metal boskotea eta hiru aktore eszenan.

Antzerkia eta musika nahasten ditu ikuskizunak, testua Aingeru Epaltza ondu du, musika berriz Urtzi Iraizotz lesakarrak sortu du.

 

Hego Haizeak

Txistu banda formazio tradizionalaren joera ezberdinak erakutziko ditu, egitarau zabal baten bidez:

Pastoral Jose Mari Gonzalez BastidaSagar Dantza Pablo Sorozabal, Ansola Anaiak Jose Ignazio Ansorena, Birigarroa Isidro Ansorena, Hiru Ataletako Alborada Eduardo Gorosarri, Muñeira Pablo Sarasate, Goiz Eresi Jose Mari Gonzalez Bastida, Honai Hilario Extremiana,  Txoriak Hilario Olazaran, Txankorrinkoa Jose Mari Gonzalez Bastida eta Re minorreko kontzertua Luis Aranburu obrak eskainiz.

Jotzaileak: Xabier Olazabal, Aitor Urkiza, Ainara Martínez, Karlos Peñaranda eta Beñat López.

Txistuaz b(l)ai

Oholtzaz gain kalea ere izango da jomugan proiektuan. Txistuaz b(l)ai-k ohiko kalejirei beste buelta bat emango die. Ohiko biribilketa eta abestiei bestelako errepertorioa gehituko diote: filmeetako musika, rocka… Musika tresnen aldetik, txistu eta silboteekin batera metal boskotea eta perkusioak, kaleak doinu freskoz betez. Honatx adibidea:

Txistu-danbor

Danserie Esemble taldearen emanaldiak aintzinako musika ekartzen digu, Txistu-danbor bikotearen historiari errepasoa emanez hiru ataletan. Lehenengoan, erdi aroa, bikotearen zabalpena, Gorteak eta gazteluak, herrixkak. Juglareak. Bigarren zatian, berpizkundea. Garai zailak danborra eta txirula bikotearentzat, toki askotan desagertzeraino iritsi zena. Ez da Euskal Herriko kasua izango. Hirugarren zatia, XVII eta XVIII. mendeak, kultura tradizionaleko elementu gisa sendotzeko garaia. Alfonso Iturria txistulari talde honetako partaidea da.

Musikaren koloreak

Kontzertu honek proiketu osoaren filosofia laburbildu dezakela esan dezakegu. Eszenografia zaindua, musika tresna konbinazio ezberdinak eta estilo aniztasuna gure musika tresnaren aukera ezberdinen erakusgarri. Ikusgarria horrela azltzen dute egileek:

“Begiak ixten badituzue musika entzun bitartean, erraza da zure burua koloreetara eramaten uztea. Sentikortasuna ageri-agerian. Txistuek, eskusoinuak, ahotsak, pianoak, kontrabaxuak eta gitarrak osatutako familia horren kontzertuan, kolore guztietako musika eskaintzen da.

Musika klasikoa, barrokoa, tradizionala, zelta eta fusioa. Txistua eta pianoa; txistua, silbotea eta eskusoinua. Txistua, bateria, kontrabaxua eta ahotsa… Kontzertu horretan, instrumentuen zenbait taldekatze egiten dira, eta harrituta uzten gaituen eskaintza bat lortzen dute. Txistua gainerako instrumentuekin senidetua, baina obra guztien protagonista. Musikaren Koloreez oso erraza da disfrutatzea”.

Aukera zabala beraz, EHTE Nafarroatik aurkeztu dutena. Beraien nahia, orain, ahalik eta leku gehienetara iristea, agenda irekita baitute eta urria bukaera artean ekitaldiok Nafarroako Gobernuaren sostengu ekonomikoa dutenez, ahalegin ekonomiko handirik gabe kontratatu ditzaketelako udalek edota elkarte antolatzaileek.

Azken xedea txistua indartzea, musika eskolak ikaslez betez eta gure musika tresnaren irudia gaurko errealitatera ekartzea, oraina, iragana eta etorkizuna eskutik helduz.