EHTEko Nafarroako ordezkaritzak deialdia egin du, irailak 9an, Gure Txistu Soinuak kontzertuan 100 txistulari biltzeko. Emanaldia, joera tradizionalekoa izango da eta ikasi beharreko obrak xamurrak. Iruñea, jai giro betean egonik, erronka ederra izango da Gaztelu plaza txistu doinuz betetzea.
Erronkari heldu diote Nafarroako txistulariek. Batetik, Gaztelu plazako agertokia ez da nolanahiko eskenatokia. Bestetik, irailak 9an, Nafarroako hiriburua jai giro betean izango da: Batasunaren pribilejioa ospatzen. Eta azkenik,100 txistulari elkartzea. Udalak eskaini dien aukera baliatzeko asmoz, Euskal Herri osoko txistulariak parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek.
Kontzertua
Iruñeako txistularien menua osatzera datorren kontzertua da Gure Txistu Soinuak. Alarde txikia eta San Ferminetako alardeek lortu duten arrakasta erdietsi, eta urteroko egutegian bere lekua egin nahi duena. Ezaugarri propioak izango ditu emanaldiak, aurreko berrian aipatu genuenez, joera tradizionaleko egitaraua izango baitu. Txistulari munduko obra ezagunak joko dituzte, ikasteko orduan xamurrak. Lehengoko kontzertuen tankera izango du beraz.
Jai giro betean
Hiriak Batasunaren pribilejioa izeneko jaia ospatuko du egunotan. Duela 595 urte, hiru burgo baturik jaio baitzen Iruñea. Hori gogoratuz makina bat ekitaldi antolatu ditu udalak irailaren 6tik 9ra. Hainbat kontzertu, erraldoiak, buruhaundiak, erakusketak, ekitaldi instituzionalak, ertaroko azoka… Agenda bete horretan txistuak bere tokia izango du, horregatik, antolakuntzatik kontzertuaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute, parte hartzeko gonbita luzatuz “baietz bildu 100 txistulari!”.
Entseguak
Abuztuak 28 eta 30, 19:30ean kale Nagusiko Civivox Condestablen.
Irailak 3, 5 eta 7an, 19:30ean Civivox Juslarrotxan, Arrotxapeako Maiteminduen pasealekuko 37. zenbakian.
Kontaktua
txistularirunea@gmail.com
Partiturak
Eskuragarri dituzue, bazkideen txokoan, hementxe.