[IRITZIA] Iruñeako Txistularien Alardea hizpide (II)

Iruñeako Txistularien kontzertuak publiko anitz biltzen du urtero. Historia luzeko kontzertuak arreta eta interesa pizten du, dudarik gabe.  Horren erakusgarri, bi aburu ezberdineko artikuluak jaso ditugu. Bata, Xabier Olazabal Etxegiak alardeko antolatzaileek izenean sinatua eta bestea, Xanti Beristain Mandotzek idatzia. Sarrera honetan Olazabalek idatzikoa dakargu, aurretik argitaratu dugularik Beristainena. Kontzertua hemen duzue ikusgai.


Pasa den uztailaren 9an Iruñako Txistularien Alardea ospatu zen, azkeneko 7 urte hauetan ohikoa bihurtu denez, San José Plazan eguerdiko 13tan. Berritasun nagusia astelehena zela. Igandearekin ez egiteko arrazoia bakarra izan zen, German Rodriguez hiz zutela 40 urte zirela eta bere omenezko ekitaldi garrantzitsua antolatua zutela “German Gogoan” elkartekoek. Guk, txistulari bezala, parte hartu nahi genuen bertan, eta horretarako, gure alardea hurrengo egunera pasa genuen, astelehenera. Esan beharra dago, udaletxearekin adostutako aldaketa izan zela, ez sudur puntan jarritako eta pentsatu gabeko ideia bat.

Iruñako Txistularien Alardeak azken 7 urte hauetan aldaketa sendo bezain iraunkorrak sustatu ditu. Iruditzen zait birgogoratzeko modukoak direla berauek:

1-Kontzertua festa dagoen leku batera ekartzea, hau da, Alde Zaharrera. Baina uztailean eguerdiko 13tan, normalean, beroa, benetako beroa egiten du, eta kontzertua gustura entzuteko nahitaezkoa da itzala. San Jose plazak horixe eskaintzen digu. Gainera, tabernarik inguruan ez dagoenez eta txarangak hurbiltzen ez direnez, ez dugu konpetentziarik gai honetan.

2-Ildo nagusi bat hartuta kontzertu guztia antolatzea. Esan behar da ildo edo ideia honek aldaketak izan dituela, baina nagusiki berdin jarraitzen dugu. Guk transmititu nahi dugun ideia jendarteak uler dezan antzerkiaz baliatzen gara, hiriko artistak laguntzeaz gain, noski.

3-Konposaketa berriak inguruko konposatzaileei enkargatu. Honek alde onak eta txarrak ditu. Alde batetik instrumentuarentzako musika eta bixitasun berria lortzen dugu, txistuak normalean lagun izaten ez dituen instrumentu musikalak erabiliz. Baina ez dago gure esku sortzaileek zer idazten duten. Gaia dela medio, batzuetan obrak atseginagoak dira besteetan baino, baina beti, berriz esango dut, beti, maila musikal oso altu bateko obrak lortuz.

Aurten obren luzera laburtu egin dugu, obra gehiago idatzi baina motzagoak. Nire ustez, aurtengo asmakuntzarik handiena hauxe izan da, ikusleak arina den musika entzuten baitu, ez bi edo hiru aldiz entzun behar den obra bat ongi ulertu dadin.

4-Gai sozialei bultzada eman. Aurten gainera, Iruñako Txistularien Alardeak proposatuta, Motxila 21 taldeak Txupinazoa jaurti zuen. Bestalde aurten ez beste gainontzeko aldietan, Paris 365 jatetxean bazkaldu dugu (lekua, jana, edana eta zerbitzua hoberenak izan ez arren)

5-Subentzioak handitu, bai publikoak eta baita pribatuak ere. Modu honetan, primerako harremana dugu egun Iruñeko Udalarekin, Lacturalerekin, Laboral Kutxarekin, Embutidos Arrietarekin eta beste hainbat eta hainbat enpresekin. Espero dugu Nafarroako Gobernuarekin ere dugun harremana hobetzea eta beraiek guregan duten konfiantza areagotzea.

Azken puntu honek adierazten du sustatu ditugun aldaketak onartuak izan direla txistulariak parte hartzen ez duten erakundeetatik. Jendeak eta hainbat elkartek gure formatua gustuko dute. Horren adibide da azken urtean lortu ditugun hainbat eta hainbat subentzio publiko, Sustraiak izenekoa esaterako.

Beste hitz batzuetan esanda, alardea gure eskuetara heldu zenetik aldatu egin da. Bultzatzaile nagusia hasiera hasieratik Raul Madinabeitia izan zen. Lagun izan zituen hasierako hiru urteetan Berasategitarrak, Koldo eta Peio, eta noski Maribel Zabalza. Beranduago Aitor Urkizak hartu zuen zuzentzeko ardura, Fermin Goñi, Karlos Peñaranda, Patxi Rodriguez bidelagun nagusi zituela. Laguntzen, baina horrenbesteko ardurarik gabe, beste asko egon gara, Alfonso Iturria, Garaine Jorajuria, Izaskun Andueza, Urtzi Iraizoz, Edurne Errea, Asier Agirre, Arkaitz Ibarra, Ainara Martinez, ni neu… eta ziur, ahaztu ditudan beste asko.

Lanaren emaitza horren izan da ona, ezen udalak beste kontzertu batzuk antolatzeko aukera eman digula. Udako solstizioaren inguruan 2 urtez antolatu dugun gazteen alardea, non eta udaletxe plazan eskaintzen duguna. Lehen urtean euskaraz egin genuen, erabat, baina udalak berak (40 urtez lehen aldiz alderdi euskaltzaleen eskuetan dagoen udalak) okerreko bidea dela eta elebiduna egiteko esan zigun. Ni puntu honetan udalarekin ados nago. Gure helburua, denena espero dut, txistua eta euskal kultura zabaltzea da eta hori euskaraz bakarrik egiten badugu euskaltzale asko bidean utziko ditugu. Bi hizkuntza hitz egiten diren lurralde aberats batean bizi gara, onar dezagun, eta beraz bi hizkuntzetan luzatu behar dugu mezua. Beraz elebiduna egiten dugu, eta horrela jarraituko dugu. Gainera, gazteleraz ere kontzertuak eskainiz ikuslego ez euskalduna eta ez euskalzalea gerturatu dakiguke. Musika hizkuntza unibertsala da eta ongi joaz gustatzen bada, gero eta jende gehiago erakartzeko aukera izango dugu, nahiz eta beste era batetara pentsatu.

Ez dakit ikusleak badakien, baina urtero sortzen dugun alardea berriz egiten saiatzen gara Nafarroako beste lurralderen batean. Errepikatzea lortu dugun bakarra “Printzesa Zelta” izan zen, Zubirin, Erronkarin eta Nafarroako Parlamentuan bertan jotzea lortuz. Guk ere ikusten dugu kontzertu hauek, denak, leku itxi batean (Gayarre antzokian, esaterako) beste ikuspuntu batekin entzungo lituzkeela publikoak, baina orain arte, esan bezala, ez dugu lortu. Baina lasai, ez dugu etsiko eta. Denboraren poderioz, lortuko dugu.

Gure alardeak beti behar du laguntza. Antolakuntza lanetan dabiltzanak (bai gure alardean edo beste edozein alardetan) ongi dakite horrelako lagun pila biltzen dituen ikuskizun bat antolatzea zeinen den nekagarria. Horregatik, aurpegira jendeak esaten ez dizkigun ideiak interneten adierazi beharrean, nahiago genuke gurekin kolaboratzea beraien ekarpenekin. Ziur naiz denen artean kontzertua hobetuko dugula, mila modu daude horretarako. Horregatik, laguntzen (edo sikiera jotzen…) ez duten eta kritika zorrotzak egiten dizkiguten horiei esango nieke esan beharrekoak guri zuzenean azaltzeko, beste moduetara zabaldu gabe. Gure taldea ez da hertsia, beti nahi dugu lagundu nahi duen jendea ondoan, beraz etorri, ikusi eta lagundu. Beste mota bateko alardea nahiago dugula erabakiko bagenu, aldatuko genuke. Baina esandakoa, gurekin zuzenean hitz eginez.

Xabier Olazabal Etxegia, Iruñeako Txistularien Antolatzaileen izenean


Txistulari.eus-ek ez ditu bere egiten web-gunean argitaratzen diren iritziak. Zuen iruzkin edo iritzi artikuluak helbide honetara igorri ditzakezue: komunikazioa@txistulari.eus