Iruñeako Txistularien kontzertuak publiko anitz biltzen du urtero. Historia luzeko kontzertuak arreta eta interesa pizten du, dudarik gabe. Horren erakusgarri, bi aburu ezberdineko artikuluak jaso ditugu. Bata, Xanti Beristain Mandotzek sinatua eta bestea, Xabier Olazabal Etxegiak alardeko antolatzaileen izenean idatzitakoa. Sarrera honetan Beristainek idatzikoa dakargu, jarraian argitaratuko dugularik Olazabalena. Kontzertua hemen duzue ikusgai.
Iritzi artikulu hau hasi nahi dut esaten, aurtengo Txistu Alardea gustatu zaidala, musikalki: konposizio onak, egokiak eta atseginak iruditu zaizkit. Egiturari buruz, iaz eman nuen nire iritzia eta aurten ere berdintsu pentsatzen dut.
Jarraian, hemen, Alardean izandako hainbat pertsonari entzundako iruzkinak jarriko ditut: batzuei, horrelako kontzertua ez zaie egokia iruditzen leku horretarako, sanferminetan. Beste batzuek galdetzen dute, ea zergatik ez den jotzen sanferminetako eta jai giroko doinurik, dantzarik…; lehen, baietz, jotzen zirela, diote. Beste pertsona batzuek itauntzen dute, ea zergatik ez diren jotzen doinu berriak/berritzaileak eta tradizionalak. Beste entzule batzuek, antzerkiari irizten diote soberan dagoela, han ez duela asko pintatzen, beraiek txistua eta musika entzutera doazela eta ez antzerkia ikustera; gainera, luzetxo eta astuna gertatzen zaiela. Eta bukatzeko, beste ikus-entzule batzuek galdegiten dute, ea zergatik ez den egiten aurkezpen motz, txukun eta onik. Esan bezala, honainokoak, nik entzundako iritziak eta galderak izan dira; erositako neurri berberean saldu ditut. Agian izenburua aldatu beharko litzaioke eta “Sanferminetako Txistu Kontzertu Nagusia” jarri; auskalo!
Hementxe hasten da nire uztakoa hobe beharrez, eta euskarari dagokionez da. Nire galdera batzuk hauexek dira: txistua ez al da euskal kulturako zutabe sendo bat? Eta, alde batera utzita antzerkirik egin behar den ala ez, zergatik sartzen da hainbeste erdara halako ikuskizunean? Nork behartzen gaitu horretara? Ez ote dugu gutxitasun konplexurik erdaldunekiko? Ez al dugu sinisten behar beste gure kulturan? Ez ote ditugu gehiegi errespetatzen erdaldunak eta gutxiegi euskaldunak, jakinda hango ikus-entzule gehienak euskaldunak edota euskatzaleak direla? Edo zer, bertsolariek ere hasi beharko al lukete beren bertsoak erdaratzen, Saratsate pasealekuan, esate baterako, erdaldunek ere uler ditzaten? Ez al dute esaten, ba, musika hizkuntza unibertsala dela? Zergatik gutxiesten dugu hainbeste geure burua?
Horra hor hausnartzeko galdera batzuk! Neronek uste dut askoz gehiago erabili behako litzatekeela euskara holakoetan (baita kontserbatorioetako kontzertuetan ere), eta askoz gutxiago erdara; azalpen motz eta argi batzuekin, nahikoa!
Xanti Beristain Mandotz
Txistulari.eus-ek ez ditu bere egiten web-gunean argitaratzen diren iritziak. Zuen iruzkin edo iritzi artikuluak helbide honetara igorri ditzakezue: komunikazioa@txistulari.eus