Argazkia: Iruñeako Txistu Alardea-ren facebook-a
Iruñeako San Ferminetan, txistuak badu bere lekua, areago, baditu bere uneak, protagonismoa eskuratuz edota momentu magiko horietako baten parte izanez.
Denok buruan izango dugu noski, atzoko (uztailak 9) ikuskizuna. Baina hori baino lehenago, suziria bota eta berehala, udaletxe atarian txistulariek eta La Pamplonesa musika bandak Gainzaren Biribilketa ezagunarekin ekiten diote festari:
Musikariek kalera egin aurretik jotzen dute Gainzaren Biribilketa, udaletxeak ateak itxita dituela, batzuek ateak irekita beharko luketeela deritzote. Hala ere, unearen magia, hor dago.
Bigarren momentua, jarraian dator. Orduan bai, ateak ireki, txistulariak kalera atera, eta bor bor dagoen plazan Agur Jaunak jotzen dute. Kontraste handiko unea, dudarik gabe. Ostean gaiteroei lekua egiten diete, irteera benetan ikusgarrian. Txistularien bigarren une hau, Koldo Martinezek jaso du bere facebookean:
Tolosar bat Iruñean
Igandean Joseba Asiron alkateak gonbidatu berezi bat izan zuen, Iñaki Letamendia txistulari tolosarra. Arrazoia ez nola nahikoa, 50 urte bete baititu Iñakik txistulari gisa San Ferminetan parte hartzen. Iruñeako Udalak omenaldia eskaini zion gipuzkoarrari. Duguna dantza taldeak aurreskua eskaini zion eta alkateak zapia jarri eta oroigarri bat eman zion. Iruñea eta Tolosako Txistu banda eta Tolosako alkatea ere izan ziren bertan. Iñaki, 1968an jo zuen aurrenekoz San Ferminetan, 15 urte zituela, baina Tolosako Txistu Bandak, 1913an uztilaren 7ko prosezioan parte hartu zuen Iruñean. Ordutik, taldeak ez du hutsik egin.
Iruñeako Txistu Banda, berriz, San Joanetan hurbiltzen da Tolosara, ekainak 24an, Iñaki Letamendiak zuzentzen duen taldearekin jotzeko. Iñakik, abuztuan bertan, erretreta hartuko du. Bere lekua txistu bandaren zuzendaritzan Ion Garmendiak beteko du.
Txistu Alardea
Igandean izan ohi da ikuskizuna, baina aurten German Rodriguezen hilketaren 40. urteurrena zela eta, astelehenera aldatu zuten. Ama lur, eguzki eta lur ikuskizuna eskaini zuten, arrakasta erdietsiz. San Ferminetako txistulariontzat plater gozoena den honek, 59. urteurrena bete du. Aitor Urkizaren zuzendaritzapean 12 pieza berri eman zituzten ikusgarri berrian. Une honetako bat facebooken jaso zuten horrela Iruñeako Txistulariek:
Iruñeako txistulariek lan handia egin dute, baita prentsa alorrean ere, ikuskizunak aurretik eta ondoren hedabideen interesa piztu du. Gaur bertan Berria egunkariak eguneko kronika zabala eta Xabier Olazabali elkarrizketa dakar, azalean ere gaia aipatzen du hedabideak. Alardea bera, dudarik ez, txistuak San Ferminetan daukan une magiko horietako baita.
Hauek, une horietako batzuk. Ziur gehiago egon direla eta etorriko direla, festa ez baita oraindik bukatu eta ez ahaztu tartean ere izango direla Mugarik Gabeko Txuntxuneroak…