Txistua & folka: ORDAGO

Arabari loturik jaio zen 2014an Ordago Folk taldea Zuiako eskualdean. Eskarmentu handiko musikariek osatua, folklorea, ikerketa, sorkuntza eta dantzak dituzte ardatz. 2016an beraien lehen lan diskografikoa kaleratu zuten Lakrinkron izenburupean eta aurtengo abendurako prest izango dute bigarren diskoa. Jose Luis Cantabranak txistua, txirula, silbotea eta ahotsa ematen dio taldeari.

ORDAGO FOLK taldea 2014ko udaberrian sortu zen, Euskal Herriko musika tradizionala lantzeko asmoz. Taldea, eskarmentu handiko musikariek osatzen dute, Arabako folklore elkarte, dantza talde, abesbatza eta txistulari zein gaitero bandetan zailduak.

Ikerketa, berreskurapena, berrirakurketa eta sorkuntza izan dute lan tresna hasieratik. Arabako lurraldera lotuta  “berehala konturatu ginen Arabako errepertorioa eskasa zela. Batetik, mantentzen diren dantzak ez dira oso ugariak eta bestetik, gehienak musika-tresnentzat dira. Oso urria da beraz errepertorio bokala”.

Arabako herri-abestiak jorratzen hasi ziren, ahanzturatik ekarriz liburuetan topatutako hainbat kanta. Horrez gain, kantu eta dantza berriak ere sortu dituzte, Felipe Zelaieta bertsolariarekin eta Murgiako dantza-taldeekin eskuz-esku.

Lehenengo diskoa

2016an plazaratu zuten lehenengo lana, Lankrinkron izeneko diskoa. 15 kanta ditu, Arabako herri musikan sustraituak gehienak. Hamaikak herri doinuak dute oinarri eta gainerakoak Josean Fernandez Ramirezek sortuak dira. Erritmo eta dantza askotarikoak jasotzen ditu diskoak.

Testuei dagokienez, herri kantak eta olerkarien lanak dira, tartean: Lazarraga, Aita Meagher, Gamiz eta Felipe Zelaieta. Diskoari izena ematen dion kanta adibidez, Sabandoko Juan Bautista Gamiz olerkariak egindako amodiozko kanta da, Ordago Folkek musikatua. Testua XVIII. mendeko Arabako euskararen adibide bat da.

Emanaldiak

Azken urteotan, hogeita hamar emanaldi egin dituzte Araba, Burgos, Gipuzkoa eta Bizkaian, besteak beste: Autrigalia Fest, Folkez Blai, Aitzina Folk eta Neguko Kontzertua Soinuenean.

Kontzertuak eta dantza-plazan emanaldiak, dantza maisu batek lagundurik, eskaintzen dituzte.

Azpimagarria baita, bideoklip ugari jarri dituztela sarean. Honako hau adibide gisa:

Partaideak

Jose Luis Cantabrana Otxoa: ahotsa, txistua, silbotea, txirula eta perkusioa
Jose Antonio Fernandéz Ramirez: akordeoia (Roland frx1)
David Delgado Costana: biolina
Felix Pedrosa Garai: klarinetea, gaita, saxofoi sopranoa
Alfonso Rojo Pliego: perkusioa

Diskografia

Lakrinkron (2016, autoekoizpena)

Sarean

www.ordagofolk.com

www.facebook.com/ordagofolk?ref=hl

ordagofolk@gmail.com

 


Artikulu hau Txistua & Folka serieko lehena da. Baldintzak betetzen duen proiektua baldin baduzu, bidali informazioa komunikazioa@txistulari.eus helbidera eta horrelako artikulu bat argitaratuko dugu.