Haritz Ezeiza txistulariak goi-mailako ikasketa bukaerako kontzertua eskainiko du Hernanin

Argazkia: Haritz Ezeiza, ezkerretik lehena// Silboberri

Haritz Ezeiza Zabalak txistu goi-mailako ikasketen bukaerako kontzertua eskainiko du ekainak 2an Hernaniko (Gipuzkoa) udal areto nagusian arratsaldeko 7etan.

Txistulari, albokari eta dultzaineroa da Haritz Ezeiza (Hernani, 1984) eta Goi-mailako txistu ikasketak Musikenen burutu berri ditu. Hori ospatuz, kontzertua eskainiko du larunbatean bere jaioterrian.

Bertan hasi zituen ikasketak hernaniarrak Juan Mari Beltranen eskutik. Ondoren, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarrai eta Goi-mailako txistu irakasketak Aitor Amilibia irakaslearekin bukatu berri ditu Musikenen.

Hortaz gain, ibilbide luzeko musikaria da: hainbat dantza eta musika taldetan aritu da, herrian bertan egindako lanengatik izen ona merezita erdietsi du, Bitartean folk taldean dihardu eta Hernaniko Musika eskola Publikoko alboka eta dultzaina irakaslea da baita.

Kontzertua

Haritzek ondoan izango ditu laguntzaile Aitor Amilibia,  Oscar Ovejero eta Peio Irigoien txistulariak. Garazi Navak berriz, akordeoiarekin lagunduko dio pare bat obretan. Carlos Ibarra, Mikel Chamizo, Jabier Ituarte, Rodrigo A. Santiago, Joaquin A. Lekunberri eta Gabriel Erkoreka musikagileek txisturako propio egindako obrak izango dira entzungai. Baita, Domenico Cimarosa oboe eta harirako egindako obra baten moldaketa.

Egitaraua hemen ikusgai.