Asteburu betea Soinuenearen eskutik

Argazkia: Lartaun txistu taldearen Dantza-bilera (Soinuenea)

Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea fundazioak astebururako hiru proposamen egiten dizkigu, musika eta dantza uztartuz.

Maiatzak 25ean arratsaldeko 5etan, Hernani eta Oiartzungo musika eskoletako ikasle gaztetxoek kontzertua eskainiko dute Abaraxka ludotekan.

Soinuenea Fundazioak Abaraxka ludotekarekin batera hilero, ikasturtean zehar, herri musikan oinarritutako tailer bat antolatzen du. Ludotekak, irailera arte ateak itxiko ditu eta kurtsoari agurra egiteko jaia antolatu dute. Festan, urtean ludotekarekin elkarlanean aritu diren hainbat erakunde eta norbanako omenduko dituzte. Ekitaldian, Oiartzungo HM (Herri Musika) Eskolako biolin joleek eta Hernaniko Musika Eskolako txistulari, akordeoilari, albokari eta piano joleek parte hartuko dute.
 

 

Hurrengo egunean, maiatzak 26an, Oiartzungo Euskal Jaia dela eta erromeri antolatu du Soinueneak, Doneztebe plazan 12:30ean. Peio Irigoien txistulariak eta Lorena Zalakain dantzariak gidatuko dute emanaldi berezi hau, izan ere bereziki familian dantzatzeko  diseinatu baitute. Oiartzungo HM eskolako txistu irakaslea da Irigoien, bere zuzendaritzapean arituko den txistu bandak jarriko du musika. Euskal Jaiak hirugarren urtea du aurtengoa eta Sagardo egunarekin bat ospatuko da.

Azkenik, igandean, maiatzak 27, Dantza-bilera ospatuko dute Lartaun txistulari taldearen zuzeneko musikarekin, hau ere Doneztebe plazan eguerdiko 12etan. Dantza-gidari Jon Iraola arituko da.