Argazkiak: Euskal Barrokensemble
Maiatzaren 17an, Euskal Barrokensemble taldeak, Basques: Joan etorriko kantak izeneko emanaldia eskaini zuen Bilboko Arriaga antzokian. Enrique Solinis musikari prestigiotsuak gidatutako taldean Sabin Bikandi txistularia eta Mixel Etxekopar xirulari ezagunak dihardute. Taldeak, mundu mailako proiekzioa lortu du.
Enrique Solinis Aspiazu (Bilbo, 1974) aintzinako musikaren munduan izen garrantzitsua da. Hainbat nazioarteko lehiaketa irabazi eta eskenatoki garrantzitsuetan aritu izan da kitarrarekin. Eresbilek horrela aurkezten du: “betidanik kultur, lurralde eta garai ezberdineko musikaz erakarria izan da eta horrek musikaren kontzeptu pertsonala eta paregabea izatea eraman dio”. Horregatik, euskal musikarekiko eta aintzinako musika birsortzearen inguruko kontzeptuak bultzatuta, 2006an, Euskal Barrokensemble taldea sortu zuen. Taldean Sabin Bikandi Belandia (Galdakao, 1965) eta Mixel Etxekopar (Gotaine-Iribarne, Zuberoa, 1963) aritzen dira txistua, xirula, alboka, kantuan e.a. Diskografian aipagarria da 2015ean Alia Vox nazioarteko zigiluarekin argitaratutako Euskel Antiqua izeneko lana.
Basques: Joan etorriko kantak emanaldia eskaini berri dute, maiatzaren 17an Bilboko Arriagan. Euskaldunek, historian zehar, itsasoz eginiko bidaiek sortutako kultur eta musika elkartrukea izan zuen ardatz kontzertuak.
Solinis, horrela mintzatzen da elkartruke horri buruz: “gizarte honek oraindik lantzeke duen ikasgaia da hori, etengabe heldu beharrekoa, izan ere gaiak arazoak sortzen baitizkigu. Euskal Herriak jaso eta bere egin ditu milaka influentzia, aldi berean bere eragina itsasotik harago eraman du. Endogamia horrek munduarekin loturik ikusi nahi ez izatea sortzen du; horrela, itota gaude herri gisa. Benetako aberrazioa da eta arte proposamen tristea.”
Euskal Barrokensemble-ren hurrengo kontzertua Euskal Herrian ekainaren 3an izango da, arratsaldeko 7etan Kursaalen, Donostian. Kasu honetan Juan Sebastian Elkanoren inguruko emanaldi berezia eskainiko dute. Bitartean taldearen agenda nazioarteko hitzorduz josita egongo da: Katalunia, Alemania, Suitza…