Argazkia: Azala taldea (Auñamendi Eusko Entziklopedia)
Euskal Herrian folk musikak talde ugari eman ditu: Oskorri, Ganbara, Alboka, Izukaitz, Txanbela, Azala… Zerrenda luze horretan izan da arrakastaren aparretan izan denik. Egun, katea ez da eten, hor baitaude Miel Otxin, Korrontzi edo Alboka bera, adibidez. Guztiek edan dute folkloretik eta tartean izan dituzte euskal musikatresnak, noski. Baina, zenbatek erabili dute txistua?
Euskal folkaren panoraman, talde enblematikorik izan bada, hori dudarik gabe, Oskorri izan da. Natxo de Feliperen taldeak arrakasta erdietsi zuen bere ibilbide oparoan. Gainerako taldeek bezala, euskal soinu-tresnak eta instrumentu unibertsalak nahastu zituzten, folklorea eta modernitatea. Tartean, paper garrantzitsua jokatu zuen txirulak eta zenbaitetan ttun-ttuna ere erabili zuten, txistua, ordea, ez.
80ko hamarkadan Azala taldea jaio zen Juan Mari Beltranen eskutik. Sortu eta lasterrera, taldea utzi eta Txanbela taldea eratu zuen Beltranek. Bi taldeok, txistua erabili izan dute, Juan Mari Beltran eta Asier Carrascoren eskutik. Beltranek, bere aldetik, gaurdaino darrai folk munduan, jada Txanbela izena alboratuta. Carrascoren taldeak berriz, lau disko kaleratu zituen, hirugarrenarekin arrakasta erdietsiz: Zaldiko maldiko. Agurraren tenorean, taldeko zutabeetako bat zena, Joxe Leon Kazabon, horrela mintzatu zen: “folkak etorkizun iluna du”.
Egun
90ko hamarkadako atarian esan zuen agur Azala taldeak, baina gaur egun, zein da egoera? Zein talde edo bakarlarik uztartzen ditu txistua eta folka? Jakingura honek bultzatuta deialdia egin nahi dugu txistulari.eus -tik. Horrelako proiekturik baduzu, bidaliguzu mezu bat komunikazioa@txistulari.eus helbidera, gaia: FOLK! eta zure taldearen izena jarriz. Helarazi proiektuaren biografia, argazkiak, bideoak, kontaktua e.a. eta guk, artikulu bat eskeiniko diogu txistulari.eus -en. Mezuak ekainaren 10a arte jasoko ditugu.
Irrikitan gaude txistu & folk munduan gaur egun zer dagoen jakiteko. Ba al da norbait hor?