Maiatzak 20, Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko da Bilbon. Hiriburua, txistulari eta dantzariz beteko da. Hiria eta folklorearen arteko uztarketa ikusgarria aurreikus daiteke, izan ere 80 dantza taldek parte hartuko baitute. Antolaketa lanetan Bizkaiko Dantzarien Biltzarra ari da.
Bizkaiko hiriburuko Areatzatik abiatu da kalejira goizeko 11etan Nafarroa kalean zehar Bilboko kale komertzial ezagunenean, Gran Vian, lehen geldialdia egiteko. Bertan, dantza taldeen ekitaldia egingo dute. Emanaldia dantzari dantza dantzatuz hasiko dute. Jarraian Gipuzkoako hiru dantza hautatu dituzte: agurra, makil txiki eta zinta-dantza. Orduan gaztetxoenen txanda izango da txulalai, zazpi jauzi, zapatain eta Baztango esku-dantzarekin. Eltziegoko dantzak eta domingilo eta arku dantza etorriko dira ostean. Berriro ere gaztetxoek beren lekua hartuko dute marianak, grabo eta larraburu emateko. Kaixarranka etorriko da gero eta ohiko legez, bukatzeko, larrain-dantza.
Bestelako ekintzak
Dantza emanaldiaz gain, bestelako ekintzek ere osatuko dute eguneko egitaraua. 11etatik aurrera Areatzan Folklore Azoka izango da zabalik. Arratsaldean berriz, Luhartz taldearekin erromeria izango da, hau ere, Areatzan 16:30etatik aurrera.
Erakusketa bat ere paratu dute BBK Aretoan, Gran Via 19-21an. Astelehenetik igandera, 11:30-14:00 eta 16:00-20:00 bitarteko ordutegian bisitatu daitekeena. Bertan ikusgai egongo dira dantza tradizionalarekin lotutako jantziak.
Informazio gehiagorako jo dantzari egunaren web orrira.