Xabier Olazabal Etxegiak, Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioko irakasleak igorri digun artikulua duzue hauxe. Ikasturtea azken txapan sartu den honetan, urteko balorazioa egiten du, Nafarroako kontserbatorioetako txistu ikasleek egin lanaren errepasoa burutuz eta goraipatuz.
Aurten, Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleek bere biziko lana egin dute. Nahiz eta, hitzok idazteko momentuan oraindik ikasturtea bukatzeke den, primerako lana egiten ari dira.
Irakasleak, kurtso hasieran proiektu bat planteatu zien: txisturako idatzi zuten hiru konposatzaile aukeratu, ezagutu, ikasi eta bakoitzari buruzko kontzertu monografiko bat prestatu, narratzaile eta guzti. Helburu nagusia txisturako errepertorio zabala ezagutzen hastea eta talde-lan baten bidez proiektu interesgarri bat osatzea.
Proiektua
Aukeratutako konposatzaileak denentzat ezagunak dira: Lorenzo Ondarra, Jose María González Bastida eta Hilario Olazaran.
Hasierako ideia, musika eskoletatik ateratzea eta Iruñerriako Civivoxetan jotzea zen, baina ezinezkoa suertatu da. Nahiz eta ikasleek deus ez kobratu, kultur aretoentzat gastu bat zen. Beraz, Nafarroako Musika Kontserbatorioko Remacha aretoan, Iruñeako Joaquín Maya musika eskola berezian eta Burlatako Hilarión Eslava musika eskolan eskeini zituzten beraien lanak.
Lan asko izan dute ikasleek proiektua aurrera ateratzen. Erdi zein goi mailako kontserbatorioetako zuzendaritzei aurkezteko dosierra egitea ez zen lan makala izan, baina idatzitakoa aurrera eramatea zailagoa egin zitzaien. Hala eta guztiz ere, lortu zuten, eta sorpresa atsegin bat jaso ere bai. Diario de Noticias egunkari nafarrean Lorenzo Ondarrari eskeinitako kontzertuaren kritika idatzi zuten, eta kritika positiboa izan zen. Esan beharra dago, kontzertu horretan San Fermin abesbatza kolaboratzaile izan zutela, Ondarra maisuak bere konposaketa lan gehienak korurako idatzi baitzituen.
Horrela bada, esperientzia polita izan dute. Akatsak izan dira, bai, batez ere horrelako proiektu bat aurrera ateratzen duten lehen aldia izan delako, baina horrela ikasten da, eginaren eginez eta hanka sartuz.
Saria
Berriki, Nafarroako Goi-mailako Konserbatorioko txistu ikasleek beste berri on bat jaso dute. Konserbatorioak antolatzen duen Fernando Remacha ganbera musika lehiaketan bigarren saria eskuratu baitute. Bertan partaide Iker Larrauri (txistu lehena), Maite Lomas (txistu bigarrena), Ainara Martinez (silbotea) eta Beñat Lopez (atabalea) izan dira. Bi obra aurkeztu behar ziren; taldeak Rodrigo Santiagoren Fantasía Homenaje eta Eduardo de Gorosarriren Hiru Ataletako Alborada ezaguna hautatu zituzten. Leihaketako epaimahaian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko fagot bakarlaria, biolinista bat eta Aragoiko Konserbatorioko ganbera musikako katedraduna zeuden.
Orotara zortzi talde aurkeztu ziren, formazio ezberdinak denak ere. Inork ez zuen espero finalera txistu taldea pasa zitekeenik, baina, hara non, lortu zuten finalerako sailkatzea, beste bi talderekin batera. Finala, esan bezala, apirilaren 25ean ospatu zen txapelketaren izen berdina duen aretoan, eta harizko laukote batek irabazi bazuen ere, merezita gainera, txistulariek bigarren saria eskuratu zuten. Kasu honetan, aipatutako bi obrez gain Jose María González Bastida maisuaren Txankorrinkoa jo zuten. Esan beharra dago, silbotean aritu zen Ainara Martinezek, egun baten ikasi zuela obra hau, eta lau bemol dituela ikusirik, ez zuen lan txarra egin, ez horixe!. Orotara 25 minutuko errepertorioa hiru astean ikasi dute, eta emaitzak dioen bezala, oso ongi.
Jarrai dezatela horrela, lanak beti emaitza badu eta oraingoan oso argi geratu da zergatik!.