Bilboko udal txistulariek ekimen berria abiaraziko dute udaberriarekin bat. Txistu banda auzoetara hurbiltzeko xedearekin, kalejirak antolatu dituzte apirila, maiatza eta ekainerako.
Euskaldunako kontzertuen denboraldia bukatu berritan, Bilboko Udal Txistu Bandak kalera egingo du salto. Bizkaiko hiriburuko auzoetara heltzea da helburu, kalejiraz kalejira. Horretarako udaberrian zehar egutegi betea prestatu dute. Apirilaren 13an Ertzillan eta 20an Diputazio kalean arituko dira, goizeko 11etan hasita. Maiatzean, berriz, 10ean Arangoitin izango dira, arratseko 7etan. Ondoren, Zabala, Buia eta San Adrian auzoak etorriko dira, maiatzak 12, 19 eta 26an hurrenez hurren. Hitzordua eguerdiko 12etan. Ekainean berriz, Basurton hasiko dira, 2an, eguerdiko ordu batetan. Ibarrekolandan, Iralan eta Indautxun 12:00etan izango da zita ekainak 3, 9 eta 21ean. 23an berriz, saio bikoitza izango dute, 11:00etan Zazpi kaleetan eta 12:30etan La Peñan arituko baitira.
Horrez gain, ostiralero goizeko 11etatik aurrera kalejiran ibiliko dira Zazpi kaleetatik.