Jaizale Durangaldeko Txistulariak taldeko kide Eleder Iturrieta Zugadik, martxoaren 18an Izurtzan ospatutako Durangaldeko 63. Txistu egunaren berri ematen digu. Ez zen ez, edonolako eguna izan.
Urtero legez, Durangaldeko Txistu eguneko kontzertua hasteko prest geunden 50 bat txistulari, musikari eta dantzari. Ordu batetan, kontzertuari ekitear geundela, hara non eta Izurtzan, azaltzen den Niko Etxart kantari zuberotar handia.
Prestatuta geneukan errepertorioan, kasualitatez, Nikok ezagun egindako Eperrak eta Musde Ürrutia genituen. Guri zer bururatuko eta… Niko gurekin kantatzera gonbidatu genuen. Zuberotar kantariak inolako zalantzarik gabe baietza eman zigun.
Kontzertua magikoa eta inoiz ahaztuko ez duguna izan zen. Nikok bihotzetik eta zoragarri kantatu zuen, beti bezala. Izurtzako Mendigain dantza taldea eta musikariak ere bikain haritu ziren, eta nola ez Durangaldeko txistulariok gure eguna primeran ospatu genuen. Erregelak dantzatu ondoren, bazkari batekin amaitu genuen eguna.
Jadanik, Elorrion ospatuko dugun Durangaldeko 64. Txistulari egunean daukagu gure gogoa jarrita. Izango al dugu Elorrion ezustekorik?.
Argazkiak Juan Antonio Aroma Lejarreta