Txistulari aldizkariko 251. alea prest dago jada. Inprentan dugu zenbaki berria eta, gutxi barru, bazkideen postontzietan izango da, eskura. Itxoin nahi ez duenak baina, gaurtik aurrera, web guneko bazkideen txokoan du eskuragarri aldizkaria, oso-osorik. Oraindik bazkide ez bazara, zeren zain zaude?. Hona, laburbilduta, Ane Arsuagak eginiko azalak barruan dakarren mamia.
Ohikoa bihurtu denez, Jagoba Astiazaranek Hormatxulotik begira zabaltzen du aldizkaria. Menua xehetu eta bere gogoetak tartekatzen ditu Jagobak. Aldizkaria, musika aldetik, txistu Alardeetarako partiturak dakartza. Horietako batzuen moldatzaile den Xabier Zabala musikagileak elkarrizketa eskaintzen digu. Iker Alvarez txistulariak bere karrera bukaerako lana partekatzen du gurekin, “Txistuaren etorkizuna zabaltzen” artikulu mamitsuan. Txokorik-txoko sailean Oberena txistu eskola ezagutuko dugu. Elkartearen 90.urteurrena hizpide izango da, noski. Zutabea Leire Goñik idatzita dator eta Xiria, berriz, Marijose Gaztelumendiren eskutan. Hainbat Alarderen kronikak eta bestelako kontuak aldizkari mamitsu honetan. On egin bazkide!