Arkaitz Ibarra Alonso txistu irakasleak txistu tailerra emango du, zazpi saiotan, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartean. Guztira, zazpi saio izango dira, urtarriletik ekainera, hilean larunbat goiz batez; aurrenekoa, urtarrilaren 27an. Izenematea irekita dago.
Iruñeko San Ferminetako Alardeari lotuta, 2013an hasi ziren antolatzen, txistua jotzeko teknika hobetzeko tailerrak. Harrera ona izan zuten, eta orduz geroztik, tailer gehiago antolatu dira urtero, eta ez Iruñean bakarrik. Horrela, 2016an tailer hauek antolatzen segitzea erabaki zen, baina Iruñeko Alardetik aparte. Arkaitz Ibarra Alonso txistu irakaslea ari da ordutik, tailer hauek ematen, eta aurtengoak ere antolatu ditu.
2018ko txistu tailerrak urtarrilaren 27an hasi, eta ekainera bitarteko zazpi larunbatetan emango dira: urtarrilaren 27an, otsailaren 24an, martxoaren 17an, apirilaren 21ean, maiatzaren 19an, ekainaren 16an eta ekainaren 23an. Azken saioan kontzertu bat ematea da asmoa, eta beraz, aurrekoan, entsegu orokorra egingo da. Saio guztiak 10:00etatik 12:00etara emango dira, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartean (Travesía Río Arga 1, Arrotxapea, Iruñea).
Txistu tailer honen helburua da «tailer hauetan lan egiteko aukera ematea, txistua amateur eran jotzen urteak daramatzaten, edo maitasun handiarekin baina teknika gutxirekin eskola ez ofizialetan ikasi duten txistulariei, horrela, teknika intsumentala garbitu eta joaldia hobetzeko».
Izenemateak, zabalik
Tailer hauetako saio bakoitzeko prezioa 10 eurokoa da, eta beraz, azken saioan kontzertua emango denez, hori ez da kontuan hartuko, eta tailer osoaren prezioa 60 eurokoa izango da. Kasu oso bereziren bat salbu, tailer osoa ordaindu behar dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Izena emateko, helbide elektroniko honetara idatzi behar dute interesa dutenek, beren izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa zein diren adierazita: josebatobes@yahoo.com. Bertan emango zaizkie ordainketaren eta tailerraren inguruko azalpen gehiago.
Informazio gehiago: Tailerraren inguruko txostena.