Bertsolaritza, kantua, musika eta proiekzioak nahasten dira ‘Artxipielagoak’ ikuskizunean, eta bertan hartzen du parte, besteak beste, Garikoitz Mendizabal txistulariak. Azaroaren 17an Beasainen ikusi ahal izango da emanaldia, eta 19an, Bilboko Arriaga Antzokian. Aurrerago, emanaldi gehiago izango dira.
Uhartez uharte, nork bere arte espresioa plazaratu, eta Artxipielagoa emanaldia sortu dute Ainhoa Garmendia sopranoak, Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramírez txelo eta eskusoinu jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Germán Ormazabal pianoa jotzaileak eta Belén Ibarrola artistak. Bertan, ikus-entzuleari ere protagonismoa ematen zaio, lehengo eta gaur egungo euskal abesti klasikoak eta modernoak uztartzen baitira, publikoak ere kantuan parte hartu dezan.
Hainbat emanaldi eskaini dituzte dagoeneko, eta hil honetan ere izango dira gehiago. Azaroaren 17an, Beasaingo Usurbe Antzokian ariko dira, 20:00etan, eta azaroaren 19an, 19:00etan Bilboko Arriaga Antzokian.
Emanaldian zehar, Andoni Egaña bertsolariak esatari lanak egingo ditu, hainbat hausnarketa eta gogoeta plazaratzeaz gain. Lan horretan lagunduko diote musikarekin, Garikoitz Mendizabalek berak txistuarekin, eta Ramirez, Garmendia eta Ormazabalek, txelo eta eskusoinuarekin, kantuan edota pianoan. Guztiari kolorea ematen ariko da Ibarrola arte zuzendaria, irudi eta bideoen proiekzioekin. Xabier Otaolea arduratu da kantuen moldaketaz. Emanaldiak ordu eta erdiko iraupena du.