1926an Sandalio Tejada bizkaitarrak (1893-1971), abokatua eta euskal kulturaren sustatzaile sutsu, txistu ikasketak jasotzen zituen Mungian Eleuterio Lekueren, orduko udal txistulariaren eskutik. Elkarren arteko elkarrizketak piztu zion Tejadari Txistulari Elkarte bat sortzeko ideia, instrumentu honetarako egokia izango zen errepertorioa argitaratuko zuen boletin bat sortzeko helburuarekin.

Proiektua martxan jartzeko, Sandalio Tejada harremanetan jarri zen Manolo Landaluce, Bilboko Udal Txistulari nagusi zen urduñarrarekin; eta Martin Elola, Begoñako udal txistulariarekin. Bi musikari hauek Herrialde osoko danbolinteroen zerrenda eman zioten, eta Tejada karta bidez jarri zen harremanetan, haiekin.

Bestalde, Landaluce eta Elolak lan-talde bat jarri zuten martxan, Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) izenarekin. Honakoek osatzen zuten, Landaluce eta Elolaz gain: Joaquin Landaluce, Manoloren anaia eta Bilboko bigarren Udal Txistularia; Luis Lopez de Bergara, Portugaleteko aurreneko Udal Txistularia; Mateo Atxurra, Alkortako (Getxo) aurreneko Udal Txistularia; Segundo Atxurra, Mateoren anaia eta Alkortako bigarren Udal Txistularia; Benito Albeniz, Las Arenaseko (Getxo) aurreneko txistularia; Daniel Albeniz, Benitoren anaia eta Las Arenaseko (Getxo) bigarren txistularia; Demetrio Garaizabal, Sestaoko aurreneko Udal Txistularia; eta besteren bat (datuak galdu dira).

Gainera, Manolo Landaluce harremanetan jarri zen Eduardo Gorosarri, Begoñako apaiz eta organo-jolearekin, eta hau lege kontuez arduratu zen, okasiorako hainbat partitura konposatzeaz gain, eta horrela, Elkarteko lehendakari izendatuko zuten.

Lagun horiek guztiak -eta seguru asko, Tejadaren mailing hark lortutako besteren bat- Mungian elkartu ziren gaiari buruz hitz egiteko. Bertan, Martin Elolak proposatuta, erabaki zen elkartearen sorrerarako batzarra Arraten (Eibar) egitea.

Guztia prestatzeko Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) astero biltzen hasi ziren, Bilboko El Perro tabernak zuen lokal berezi batean. Han, Tejadarekin batean, behar ziren ekintzak prestatu eta burutu zituzten.

Azkenean, Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko batzarra 1927ko irailaren 20an egin zen, Arraten, 125 parte-hartzaile eta bazkide-sortzaile inguru bertan zirela. Txistulari aldizkariaren aurreneko alea (Bilbon editatua) 1928ko martxo-apirilean argitaratu zen.