Maiatzaren 25ean ospatuko da Arabako Txistulari Gazteen Kontzertua Amurrion. 37 urteko historia duen emanaldiak, bigarren aldiz bisitatuko du Aiaraldeako herria. Gasteizko Udal Folklore Akademiak antolatuta, ehun bat txistulari gazte elkartuko dira.

Gasteizko Udal Folklore Akademiak antolatuta 37. urtea beteko du oraingoan Arabako Txistulari Gazteen Kontzertuak. Emanaldiak, musika eskola ezberdinetatik etorritako ehun bat txistulari bilduko ditu. Urtero Arabako herri ezberdin batean ospatu ohi da eta aurtengoan Amurriora helduko da maiatzaren 25ean. Aiaraldeako herrian 1996an ospatu zen lehenengoz kontzertu hau. Horregatik, Amurrioko Txistuzaleak taldetik proposamena helarazi zieten antolatzaileei aurtengo edizioa bertan izateko.

Dantzak

Ekitaldi arrakastatsu honetan, dantzariek ere parte hartu ohi dute. Oraingoan, Aiara Dantza taldea arituko da txistulariekin batera. Kontzertuak bereizgarri du txistuarekin batera beste euskal soinutresnak ere entzun daitezkeela: trikitixa, alboka, txirula eta nafar gaita. Halaber, baxuak, bateriak, perkusioak eta teklatuak osatzen dute musikarien zerrenda.

Kontzertua Amurrioko San Anton plazan izango da, maiatzaren 25ean, 19:30ean.