Suakai taldearen ekoizpen lana da Raices, antzerkia, proiekzioak eta musika uztartzen dituen ikusgarria, oraina eta iraganarekin jira biraka istorio hunkigarri bat kontatuz. Aitor Urkiza txistulariak berebiziko papera jokatzen du emanaldia. Bihar, irailak 21 Tuteran izango da ikusgai.

Tuterako (Nafarroa) Gaztanbide Antzokian izango da Raices ikuskizuna, musika, antzerkia eta narrazioa osagai dituen emanaldia eskaintzen.  Suakai taldeak sortutako lanak, migrazio istorio hunkigarri bat kontatzen du, non oraina eta iragana uztartzen diren. “Elkar topatzen diren istorioak, bukatu gabeko ipuinak, alde egin behar izan zuen gizon baten kontakizunak. Horrela, ez ahazteko…sustraiak.”.

Horretarako bidaidea musika izango da, tradizionala, baina egokiera berrian emana txistu, biolin, bilontxelo, akordeoi eta perkusioaz joa, proiekzioak eta antzerkia uztartuz aldi berean. Konposizio berriek eta XX. mendean sorturikoen moldaketak osatzen dute soinu banda: polkak, arin-arinak, zortzikoak… Moldaketa eta konposizio lanak Ivan Carmonak eginak dira, tartean Julian Romano eta Nicolas Garciaren doinuak daude.

Partaideak

Oholtzan Aitor Urkiza txistularia, Claudia Oses biolin jolea, Ivan Carmona gaita eta biolontxeloarekin, Amaia Iraola akordeoi jolea eta Igor Arostegi perkusioak jotzen izango da. Horrez gain, istorioko protagonista hezur mamituz, Cruz Noguera aktorea arituko da.

Ikusgarriko musika CD batean grabatu dute eta dagoeneko salgai daukate. Proiektuari buruz gehiago jakiteko  jo suakai taldearen web-gunera.