Mauricio Elizalde Etxeberria
Baztango txistularia. Amaiur, 1915eko irailak 21 – Arizkun 1992ko apirilak 18.
Maurizio Amaiurko Lizundegiko-Mendia baserrian jaio eta bizi izan zen 1924. urtera arte. Orduan familia Martintonea baserrira mugitu zen Arizkuneko Ainzialde auzora. Han bizi izan da orduz geroztik. Silbestra Elidalderekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten, lau mutil eta bi neska.
Bere aitarekin, Antonio Elizalde Iriarterekin hasi zen txistua jotzen, eta dantzatzen ere hark irakatsi zion, hala, beste dantza batzuen artean, mutildanzak dantzatzen zituen. Musika-ikasketak (solfeoa eta klarinetea) sakontzeko hainbat irakasle izan zituen; lehenik eta behin Benito Irura Arizkuneko organo-jotzailea, ondoren Jesus Jimenez tokiko eskoletako maisua eta Emiliano Apecechea Erratzuko organo-jotzailearekin ere sakondu zituen musika-ikasketak. Rafael Goñi Arizkuneko semea, Jose Jauregi Amaiurkoa eta Juan Migel Bozatekoa izan ziren bere dantzako maisuak.
1927ko otsailaren 11n egin zuen txistulari modura lehen agerraldia Mauriziok, Arizkunen izan zen «Egun Ttun Ttun» haurrentzako jaialdia zela-eta. Aita izan zuen bikote txistua joz eta Manuel Jaurenak egin zituen atabalariarenak. Denboraren poderioz, Jose Telletxea, aitaren txistuko laguna zena ordezkatu zuen. Aita-semeak hainbat herritako jaietan ibili ziren txistua joz (Ziga, Lekaroz, Elbete, Arraioz, Gartzain, etab.). Hogeita hamarreko hamarkadan Baztango haraneko mugetatik kanpo jotzeko gonbidapenak jasotzen hasi ziren eta horrela ibili ziren 1950. urtean Antoniok erretiroa hartu zuen arte. Sarritan biek klarinetea ere jotzen zuten.
Maurizio Elizalde, Arizkun eta Elizondoko txistulari ofiziala izan zen. Halaber, hainbat hamarkadatan ibili zen Elbete, Lekaroz eta Gartzaingo kaleak alaitzen eta baita Lantzeko inauteriak ere. Hainbat ezkontza (laurehun baino gehiago) eta meza berritan (berrogei baino gehiago) ere izan zen txistuarekin eta, gainera, apuntatu egiten zituen. Ezkontzetan Ioiak jotzen zituen. Doinu horretan koplak abesten zituzten ondoren ezkonberrien omenez. Udaletxeko betebeharrak eta konpromisoak behar bezala betetzen zituen eta, horrez gain, lan handi eta etengabea egin zuen Baztanen txistua erakusteko. Bere jarraitzaileen artean Arizkuneko Javier Larralde eta Elizondoko Agustin Eraso azpimarratu behar dira. Lehenengoa bere koinatua eta bigarrena ikaslea.
Maurizio Elizaldek aitaren errepertorio osoa bereganatu zuen. Antoniok ahozko tradiziotik jaso zuen errepertorio hori, AlmandozekoDorremotz, Amaiurko Pixu eta Erratzuko Xamar txistularien eskutik. Doinuak ikasteaz gain, zegozkion dantzen hautaketari buruzko ezagutza osoa bereganatu zuen. Mauriziok errepertorio tradizionala osatu egin zuen eta 1943an transkribatu. Urte hartan, Gerardo Plaza haraneko alkateak hala eskatuta, Aita Donostiak Mauriziok eskuz idatzitako ehun doinuren kopia bana atera zuen Elizondoko Udaleko artxiboan paratzeko. Bilduma horretan, besteak beste, mutildantzak, irridantzak, sagardantzak, zortzikoak, sokadantzak, kalejirak, jotak eta porrusaldak barneratzen dira. Halaxe idatzi zuen Aita Donostiak:
«Musika arloko kopia hau Arizkuneko txistularia den 28 urteko Mauricio Elizaldek idatzitako kopiatik abiatuz osatu da, zeinak bere aita Antonioren eskutik ikasi baititu buruz dantza horiek. Erritmoari dagozkion zenbait xehetasun zuzendu ditut, Mauricio Elizalderen kopian ongi transkribatuta ez zeudenak. Horretarako txistulari horri joarazi dizkiot doinuak. (…) Kopia hau, aurten, 1943an burutu da haran honetako alkate Gerardo Plaza jaunak hala eskatuta, Udalean artxibaturik gera dadin eta dantza horietako musika ahantzi ez dadin. Lekarozeko Elkargoa, 1943ko abenduak 27»
(itzulpen moldatua gaztelaniatik).
Mauriziok Euskal Herria osoa zeharkatu zuen Felix Iriarte atabalaria lagun zuela, eta musika-tresna horri dagokionez, erreferentzia bilakatu zen. Euskal kutsuko musika- eta irudi-grabazioen sustatzaileek hainbatetan jo zuten harengana eta iraupen luzeko hiru disko grabatu zituen, Baztango musikaz beteak. Horrez gain, hedabideetan parte hartu zuen maiz.
Mutildantzak irakasten aritu zen Elizondon eta Euskal Herriko beste leku askotan, izan ere, usu gonbidatzen zuten dantzak irakats zitzan. Elizondon Euskal Herriko dantza taldeak jasotzen zituen. Harengana jotzen zutenekin zorrotza zen, izan ere, haren esanetan
«gure mutildanzak jo eta dantzatzen dituzten taldeak daude, baina ez dute jatorki egiten. Berrikuntzaren bat edo aldaketaren bat egin ohi dute, txistulariengandik hasita. Gurea behar bezala jo eta dantzatzeko etxean jaio behar da, ikasi egin behar da eta etxekoa izan, epeltasun eta odol naturalez»
(itzulpen moldatua gaztelaniatik).
Mutildantza generoa korru irekian egiten den gizonezkoen dantza da, erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan biratuz. Mutilen dantza esanahi du hitzez hitz. Mendebaldeko Pirinioetan zirkulu eran egiten diren hainbat dantza mantendu dira. Horrela, Biarneko sauts direlakoek, iautziak izenekoek eta aipatu mutildantzek sistema aberats eta konplexua osatzen dute. Halaber, hego-isurialdean, Bidasoaren uretan eta ziklo handiagoen barruan (Lesaka, Arantza), badira zirkulu eran eta ordularien aurkako noranzkoan gizonezko gazteek dantzatzen dituzten dantzak. Mutil-dantza izenez ezagutzen dira horiek. Dena den, gaur egun, estilo eta koreografia berezia duten mutildantzek corpus itxia osatzen dute, Baztaneko haraneko ezaugarriekin. Horrela, hartako ondare etniko eta musikalean ezinbesteko piezak dira eta, gero eta gehiago estimatzen dira.
Beste dantza herrikoi batzuekin gertatu ez bezala, mutildantzen iraupena pertsona gutxi batzuen eskuetan izan da uneren batean. Haiek eutsi diote tradizioari eta haien inguruan eman da ondorengo hedapena. Oroitza geografiko eta tenporala, folklore aldetik oso interesgarria. Horrenbestez, ezin da esan Baztango mutildantzaren inguruan tradizio purua dagoenik, ez behintzat erritualaren ezagutzaren transmisio kolektiboari dagokionez. Aitzitik, oso pertsona gutxiri esker geratu zaigu gure ezagutzan iltzatuta. Jaiegun jakin batzuetan eta ospakizun berezietan dantzatzen ziren dantza horiek, esate baterako, auzolanaren osteko festan (auzalan). Gaur egun, herriko jaien programan gero eta gehiagotan paratzen dira dantza horiek, Elizondoko Santiago egunez egiten direnak nabarmendu behar direlarik, hedabideetan duten oihartzuna dela eta. Haraneko beste leku batzuetan ez dute halako indarrik. Trukean, Baztandarren Biltzarra izeneko jaialdian aukera baliatzen da herritarren aurrean dantzatzeko.
Dirudienez, antzina mutildantza mutilzaharrek dantzatzen zuten. Hortik datorkio izena. Hala ere, azken mendean ezkonduek ere parte hartu dute. Areago, Elizondoko protokoloan adin nagusiko mutildantzariak ohorezko postua du. Gizonezko helduak soilik gonbidatzen dira eta orain haurren presentzia ere onartzen da. Hemeretzi dantza ezberdin zenbatu daitezke:
Hiru puntukua, Billantziko, Biligarroarena, Biligarroarena zaharra, Billantziko txiki, Billantziko zaharra, Zahar dantza, Mando zaharraine, Xerri-begi, Xerri-begi zaharra, Muxiko, Zozuarena, Ardoarena, Añar-haundi, Tellarin, Txoriarena, Añar-xume, Zazpi-iauzi, Zazpi iautzi zaharra.
Dena den, 1971ean Maurizio Elizaldek Herri Gogoa disko-etxearekin egindako grabazioan sarrerako Aunitz–urtez delakoarekin batera, hamabost pieza jasotzen dira. Bertan azaltzen da, alde batetik, zergatik utzi zituen kanpoan Biligarroaine zaharra, Xerri-begi zaharra eta Zazpi iautzi zaharra eta, beste alde batetik, zergatik batu zituen, usadioari jarraiki, Hirupuntukoa Bilantzikoren alboan eta Bilantziko Txikia Bilantziko zaharraren alboan.
Iautziak ezagunetan ez bezala, mutildantza dantzatzean egin beharreko pausuak ez dira egin ahala iragartzen. Hori dela eta, mutildantzariek sekuentzia luze horiek gogoan hartu behar dituzte. Guilcherrek aipatzen zuenez, penagarria zen, iautziak egitean ez bezala, mutildantzetan pausu ezberdinek ez zutela izendapenik eta, haatik, hura ikasteko ezinbestekoa zela orokorki dantza baitaratzea eta pasartez pasarte imitazioa egitea, unitateka bereizita aurkezteko aukera izan gabe. Izan ere, hori lagungarri izango zatekeen hartako konbinazioak era adimentsuan jasotzeko. Dena den, hori ez da egia osoa. Egia da pausuek ez dutela izen ofizialik, baina adituek izendapen sinple eta ulerkorrak erabiltzen dituzte, gutxi gorabehera orokortuak, lagungarri direnak ikastunarentzat. Baztango mutildantzariek eta mutildantza ikasi eta hedatzen duten zaleek izendatu egiten dituzte mugimendu ezberdinak. Pausuak mugatuak dira eta era ezberdinean konbinatzen dira dantza bakoitzean. Unitate horien iraupena ere ezberdina da. 2/4 konpaseko idatziaren oinarriaren gainean, badira bi konpasekoak eta sei konpasekoak diren unitateak ere, are gehiago, kontuan hartuz unitate jakin bat formula sinpleagoetara murriztu ezin daitekeela. Dantza horien iraupenari dagokionez, laburrenek minutu eta erdiko iraupena dute eta luzeenek zortzi minutukoa. Txistularia zirkuluaren erdian paratzen da mugimenduak, erritmoa eta doinua zainduz eta dantzariak harengan jartzen du arreta.
Maurizio Elizaldek hogei omenaldi inguru jaso zituen Baztanen, Gipuzkoan eta Bizkaian. Horrek argi erakusten du musikagintzan egindako lanagatik izan duen aitortza eta estimazioa. Aipagarria da Euskal Herriko Txistularien Elkarteak emandako Urrezko domina. 1991ko irailaren 22an egin zen omenaldi hura Arizkunen.