Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927ko irailaren 20an Arraten (Eibar) ospatutako lehen batzar edo asanbladan sortu zen. Orduan 125 bazkide inguru baziren, gaur egun Euskal Herri osoko 1.000tik gora txistulari eta txistu zalek osatzen dugu elkartea.

Euskal Herriko Txistulari Elkartearen helburua, gure kulturaren osagai garrantzitsu den txistua zaindu eta garatzea da: txistuak gure herri kultura eta tradizioan duen egitekoa bultzatzea eta, aldi berean, musika tresna honen aukera musikal eta sozialak ahal den gehiena landu eta aberastea. Horretarako ekimen desberdinak proposatu, koordinatu eta aurrera eramatea du asmo, hala nola:

  • Elkartearen barne komunikaziorako organoa izateaz gain, gure ondare musikala jaso eta zabaldu nahi duen Txistulari aldizkaria editatu eta banatzea, txisturako idatzitako musikak nahiz egoki leritzakeen artikuluak argitara emanaz.
  • Txistularien kontzertu eta musika emanaldi ezberdinak antolatzea.
  • Txistua eta bere familia instrumentala musikarako tresna normalizatu bilakatzea.
  • Txistuaren ikasketa bultzatzea musika eskola, kontserbatorio eta akademia publiko nahiz partikularretan.
  • Txistuaren mesedetan izango den edozein jarduera bultzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen laguntzak bilatzea (ekonomikoak, teknikoak, giza baliabideak, eta abar).