646 doinu grabatu eta saretu ditu Jose Inazio Elias txistulariak

Argazkia: Jose Inazio Elias erdian. J.I. Elias

Zesteronekua ezizenarekin 646 doinu biltzen dituen youtube kanala du Jose Inazio Elias txistulari azpeitiarrak. Txistu banda formatuan grabatu ditu doinuok Eliasek, horietako askok gainera, partitura deskargatzeko aukera ere eskaintzen dute. Kanala Juan Mari Pagadizabalek kudeatzen du.

2016ko ekainaren 7an igo zuen lehen txistu doinua Jose Inazio Eliasek youtubera. Horretarako Juan Mari Pagadizabalek sortu eta kudeatzen duen kanala eskaini zion Eliasi.  Egun Zesteronekua izeneko kanalean 646 doinu plazaratuak ditu txistulariak. Biribilketak, zortzikoak, fandangoak, dantzak,… ezagunak, ezezagunak, zaharrak, berriak,… tankera askotako doinu bilduma osatu du Eliasek azken 3 urteotan. Doinuak txistu banda tradizional formatuan grabatu ditu, baten baten ahotsa ere sartu duelarik. Gainera, doinu gehientsuenek, partitura deskargatzeko aukera ematen dute, txistulari ororentzat tresna aparta eskainiz. Tartean Eliasek Iñaki Aizpurua, Mikel Madinabeitia eta Alejandro Egurbideren ekarpena izaten du, hauek moldaketak edo eta pieza berriak helarazten dizkiote.

Txistulariak azaldu digunez, ia egunero aritzen da bere etxean grabaketak egiten. Ahots guztiak berak grabatzen ditu zuzenean, klaketarik erabili gabe. Lan handia izaten da beraz, hala ere, gustura egiten duela adierazi digu.

Xabierren oparia

Egun batean baina, grabaketak egiteko aparatua matxuratu egin zitzaion Eliasi. Tekla bat apurtu eta grabatzeko aukerarik gabe geratu zen. Konpontzeko nora jo ez zekiela Xabier Zabala lagunarengana jo zuen, ea nor edo nor ezagutzen zuen la horretarako. Zabalak, baietz, ezagutzen zuela Durangon gizon bat hori konpon zezakeena, baina 15 bat egun itxoin behrako zuela horretarako. Egun batzuetara, Eliasek Zabalaren deia jaso zuen, kafe baten bueltan elkartzeko aitzakian.  Zabalak kutxa bat ekarri zuen berarekin, Eliasek matxuratua zuen grabagailuaren iguala eta berri berria zekarren bertan. “Ez nekien zer esan…oparitu egin zidan! Soilik esan nion: bizi guztirako eskertuta gelditzen nauk!” Xabier Zabalari esker jarraitzen du grabaketak egiten Elias, hala aitortu digu.

Jose Inazio Elias, besteak beste, Alaken plaza taldean aritzen da txistua eta txirularekin. Presezki, kanalean talde honekin grabatutako zenbait dantza ere badaude entzungai. Zarauzko Goizeko Ihintza txistu taldeko kidea ere bada. Youtube kanalari dagokionez, La Nogalera izeneko doinua plazaratuz estreinatu zen. Oraingoz saretu duen azken doinua, azaroaren 21ean izan zen hori, Demetrio Iriarteren Fandango Urbia pieza izan da. Hona bi doinu dakartzagu, batetik Mikel Madinabeitiak sortutako Kalejira mende erdikoa  eta bestetik, Victor Jararen El derecho a vivir en paz. Kanalak 252 erabiltzaile ditu harpidetzan.