Txistuak EIJOn jarraituko du denboraldi berrian

Argazkia: EIJO

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak denboraldi berrirako hautaproben deialdia zabaldu du. Iaz hasitako bidetik, txistuak lekua izango du orkestran. Izen ematea zabalik dago abenduaren 6rarte.

Bide berri bat ireki zuen iaz Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak, euskal soinutresneei lekua irekiz. Txistuak, albokak eta trikitixak protagonismoa izan zuten obra banatan, Carlos Sagi musikariak sortutako pieza hauek, orkestraren errepertorioan izango dira denboraldi berrian ere. Horrezgain, txalapartak osatuko du euskal musikatresnen arloa. Horretarako, Roberto Pacheco zuzendariak aurreratu digunez, Sergi Vergés musikagile katalanari obra bat egiteko eskatu diote, txalaparta txertatzeko baldintzarekin. Vergés euskal hiztuna ere bada eta Rufaca Folk Jazz Orquestraren sustatzailea izan da. Aipatu orkestrak, herri doinuak eta musika tresnak ohiko big band formazioan txertatu eta jazzarekin uztartzen ditu. “Ziurra da pieza berriak txalaparta izango duela, baina baliteke txistua eta beste tresnak txertatzea ere, hori enkargua jasotzean ikusiko dugu” adierazi digu Pachecok.

Hautaprobak

Proiektuan parte hartu nahi duten ikasleek abenduaren 6rarte izango dute izena emateko aukera. Hautaprobak abenduaren 14an izango dira, goizeko 10etan Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan. Txistuari dagokionez, hautagaiek aukera askeko eta estilo ezberdineko bi pieza jo beharko dituzte. Lehentasuna izango dute 14 eta 19 bitarteko gazteek. Baldintza guztiak eta izen ematea hemen.

Esperientzia honi buruz gehiago jakiteko, irakurri iaz argitaratu genuen artikulu hau.

Hemen duzue iazko denboraldiko une txiki bat, Carlos Sagik Hegi dantzaren inguruan egindako obra entseatzen agertzen dira ikasleak.