Ikasketa bukaerako saria erdietsi du Ainara Martínez txistulariak

Argazkia eta bideoa: EHTE Nafarroa

Ainara Martínez txistulariak, Goi-mailako ikasketa bukaerako saria eskuratu zuen, pasa den azaroaren 5ean Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioan eskainitako emanaldiarekin. Joakin Lekunberri, Urtzi Iraizoz eta David Cantalejoren obra bana joz defendatu zuen hautagaitza Martínezek.

Pasa den ekainean bukatu zituen Goi-mailako txistu ikasketak Ainara Mártinezek, eta herenegun, azaroak 5, ginga jarri zion bere ibilbide akademikoari ikasketa bukaerako saria eskuratuz. Goizeko 10etan ekin zion bere emanaldiari Martínezek, Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioan, Iruñean. Hiru obraz osatutako errepertorioa gogotsu defendatu zuen txistulariak.

Kontzertuari, Suite Atlantica joz ekin zion, hura baitzen derrigorrezko obra. Txistu eta marimbarako, Joakin Lekunberrik idatzitako obra honek, itsasoz bestaldeko euskaldunen begirada islatu nahi du, tinbre arkaikoak eta erritmo kadentzia libreak baliatuz.

Urtzi Iraizozen Ubera obrarekin jarraitu zuen egitarauak. Ubera, txistu eta pianorako idatzitako obra da. 2016an estreinatu zen Garaikideak zikloaren baitan, Aitor Urkiza eta Endika Gutierrezen eskutik. Musika lan honek, olatuek itsasoan uzten dituzten arrastoak hartzen ditu inspiraziotzat, itsasoaren kadentzia etengabea islatuz.

Programaren azken obra, David Cantalejo bilbotarrak idatzitako Ingurutxo op. 44 izan zen. Txistu eta perkusio seterako idatzia. Musika lan hau 2016an estreinatu zen, Xabier Olazabalen ikasketa bukaerako emanaldian. Ingurutxo dantzan oinarritua, kolore eta testura desberdinak eraskusten ditu, txistuaren mugei erronka eginez.

Kontzertuko zenbait pasarte hemen dituzue ikusgai: