Euskal erroak eta karibeko musika uztartuz diskoa kaleratu du Ache pa ti talde nafarrak. Fermin Goñi txistularia buru, Aunitz urtez diskoa ondu dute, latin-bask estilo propioan eta jazzez zipriztinduriko 10 kantarekin. Lana, Artikako kultur etxean grabatu zuten maiatzean eta  azaroaren 9an egingo dute aurkezpen jaia.

“Ahoan irrifarre bat sortu eta aldakak zein oinak mugiarazten dituen musika” egiten dute Ache pa ti taldeko Fermin Goñik (txistua, tronpeta), Jose Ramón García Beorlegik (pianoa), Jokin Zabalzak (baxua), Andoni Zugastik (kongak, perkusioak) eta Daniel Arias Elizarik (bateria). 2003an jaio zen taldea, musika latindar-zale eta musika tradizionalarekin zein folklorearekin lotutako musikariak elkartzean.  Osagai hauekin aspaldiko proiektua gauzatu dute orain, Aunitz urtez diskoa kaleratuz.

Ache Afrikako mendebaldeko yorubar hizkuntzako hitz bat da eta suertea esangura du. Ache pa ti esamoldeak, berriz, oparotasuna, suerte ona eta zoriontasuna. Baztango bailaran, ohikoa dute dantzariek, dantzari ekin aurretik, aunitz urtez esatea. Horrekin, suertea eta zoriontasuna opa dituzte. Diskoaren eta taldearen izenak lotuz, Euskal Herria eta Karibea lotu nahi izan dituzte, sortzen duten musika estiloaren ispilu. Izan ere, jazza, euskal tradizioa eta erritmo karibearrak uztarturik topatzen ditugu Ache pa ti taldearen konposizioetan.

Diskoa

Maiatzaren 11n Artikako (Nafarroa) kultur etxean, musikari guztiak batera arituz, hamar kanta grabatu zituzten Fermin Goñi eta taldekideek. Autoekoizpena azaroaren 9an aurkeztuko dute Artikako Kultur Etxeko tabernan. Aurkezpena, kontzertua eta jaia antolatu dituzte iluntzeko 7:30etarako.

Hauek dira diskoan bildu dituzten 10 kantak:

  • Agur Jesusen Ama  Felipe Gorriti Huarte Arakilgo musikagilearen zortzikoaren F. Goñiren moldaketa.
  • Bonbolontena Javier Olabarrieta piano jole eta musikagileak, R.M. de Azkuek bere kantutegian bildutako doinuan oinarritutako moldaketa.
  • Drume Negrita Bola de Nieve abeslari eta pianistak jendarteratutako Eliseo Grenet musikagile Kubatarraren doinu famatua.
  • La Bikina  Mundu guztiko musikariek interpretatutako Rubén Fuentes musikagile mexikarrak konposatutako vals venezuelarra.
  • Abunina Katalina J.R. García Azkuek Ariben, bildutako doinua, bolero erritmoan moldatua.
  • Danzon nº2 Arturo Márquez musikagile mexikarraren obra famatuaren J.R. Garcíak egindako moldaketa.
  • Agurra J.R. García Euskal Herriko kontrapas esanguratsu eta dantza zeremonial famatuenetarikoan oinarritutako konposizioa.
  • Haurtxo txikia J.R. García Juan Mari Lekuonak, Oiartzunen bildutako doinuan oinarrituta
  • Los tamalitos de Olga José A. Fajardo Orkestra handien garaiko , J.A. Fajardo flauta jole handiaren kubatar cha cha cha tradizionala.