Polentzi Gezala jaio zeneko mendeurrena ospatuko dute Lezon

Lezoko (Gipuzkoa) Munttar txistu taldeak txistulari bilkura antolatu du azaroaren 20rako, Polentzi Gezala txistulariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Bertan izango den Jean Marie Gezalak, Polentziren semeak, parte hartzera deitu ditu txistulariak.

Txistulari internazionala izan zen Polentzi Gezala Sagarzazu (Lezo, Gipuzkoa 1919 – Coarraze, Biarno 2008). Makina bat kontzertu emateazgain hainbat sari ere eskuratu zituen: Hungarian eta Tunisian nazioarteko jotzaile lehiaketa bana irabazi zituen, Parisen Arte eta Zientzien Ohorezko domina jaso zuen,… 18 disko argitaratu zituen Gezalak, horietatik 7 bakarlari gisa. Azaroaren 20n bere jaiotzaren mendeurrena beteko da. Hori ospatzeko Txistulari Bilkura antolatu du Lezoko Munttar txistu taldeak.

Egitaraua

Hitzordua arratsaldeko 7etan jarri dute Lezoko Ixkulin elkartean (Kale Nagusia 16). Ordu erdi geroago kalejirari hasiera emango diote txistulariek, herriko auzo ezberdinetan geldialdiak eginez. Bukatzeko, afaria egingo dute Ixkulin elkartean iluntzeko 9etan.

Emanaldian fa-ko txistuak eta si bemoleko silboteak erabiliko dira. Janzkerari dagokionez, norberak gura duen gisan. Izena emateko berriz, bi bide izango dira: e-mailez stanixk@gmail.com helbidera idatziz eta telefonoz 665 744599 zenbakira hots eginez.

Ekitaldian Polentziren seme Jean Marie Gezalak parte hartuko du. Jean Marie, Anaiki ahots taldeko zuzendaria eta Parisko Jeammapes kultur zentruko arduraduna da, besteak beste. Txistulariak parte hartzera animatzeaz gainera, Jean Mariek jakitera eman du Eresbilekin elkarlanean esku artean duten proiektua: Polentzi Gezalaren audio grabaketak sarean jartzeko egitasmoa. Aurreratu duenez, materiala interesgarria eta baliagarria hori sarean eskuragarri jartzeko lanean ari dira.