Txistuak lekua izango du Europako Ondare Jardunaldien baitan Urduñan

Urduñako Getxa Goi txistu taldeko kide Koldo Ulibarri, Urduñan  Europako Ondare Jardunaldien inguruan antolatu dituzten ekintzak aurkezten dizkigu artikulu honetan.

Txistulari eta txistuzaleek hitzordu bi izango dituzte Urduñan (Bizkaia) antolatu diren Europako Ondare Jardunaldien barruko ekintzetan. Lehenengoa bisitaldi gidatu bat izango da urriaren 19an, larunbatarekin, eta bisitariek goizeko 11:00etatik 14:00ak arte Urduñako urte sasoi ezberdinetan entzuten diren musikak ezagutzeko parada izango dute hiriko gune ezberdinetan; nola ez, txistuaren musikak ere leku berezia izango du bisitaldian. Lekua mugatua izanik, aldez aurretik erreserba egitea aholkatzen da 945 384 384 telefonoan edo turismo@urduna.com helbidean.

Bigarren hitzordua, hurrengo zapatuan izango litzateke, urriak 26; goizeko 11:00etan berbaldi kontzertu bat egongo da Txistua Urduñan izenburupean. Bertan, Getxa-Goi txistulari taldeak, Urduñan txistuak izandako historia luzeaz arituko da, eta azalpenak instrumentu honek garai eta momentu ezberdinetan dituen musikaz lagundurik joango dira.