2019-2020 denboraldirako Euskalduna Jauregian programatu diztuzten kontzertuen berri eman dute Bilboko Udal Txistu Bandako kideek. Orotara 10 emanaldi izango dira urritik martxora bitarte eta hainbat gonbidatu izango dituzte oholtzan.

Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen taldeak Euskalduna Jauregiko kontzertu aro berriari hasiera emango dio gaur, urriak 10, folk kutsuko kontzertu batekin, Pirineoen magalean izenburupean. Horrekin batera jakitera eman dituzte urritik martxora bitarte izango diren emanaldiak.

Hurrengo hitzorduak

Lehenengo emanaldiaren ostean, Bilboko Udal Txistu Banda Iruñeko Goi-mailako Kontserbatorioko ikasleekin batera arituko da urriaren 21ean. Iker Larrauri, Jon Heras eta Maite Lomas txistulariek parte hartuko dute emanaldian.

Azaroaren 14an, txistu banda tradizionalaren formatuan joko dute Bilboko udal txistulariek. Hilabete bereko 27an, berriz, Araba Txistu Banda taldea gonbidatuak eskainiko du kontzertua.

Abenduan kontzertu bakarra izango da, hilak 18an.  Ohiko gabon kontzertuarekin esango diote agur urteari Bilboko udal txistulariek, ondoan Ahotsak abesbatza eta ipuin kontalaria izango dituztelarik.

Urte berriari bi emanaldirekin ekingo diote. Urtarrilaren 8an La Musgaña folk talde espainiarraren bisita izango dute. Carlos Beceiro, Jaime Muñoz eta Luis Antonio Pedraza disko berria aurkeztera hurbilduko dira Euskaldunara: Raitán. Hilabetez aldatu gabe, 22an, dantza eta musika ikuskizun berri bat taularatuko dute udal txistulariek. Horretarako ondoan izango dituzte Andoni Aresti dantza eskola, Nagore Cuevas eta Arkaitz Pascuas dantzariak.

Otsailaren 5ean txistu banda formatura itzuliko dira Bilboko udal txistulariak. Hilak 19an, aldiz, azken urtetan ohi dutenez, Kantaldia izeneko saioa emango dute, abesteko gonbitea zabalduz. Oraingoan Leire Berazaluze eta Kristina Aranzabe kantarien parte hartzearekin.

Denboraldia martxoaren 2an itxiko dute kontzertu berezi batekin. Izan ere, Javier Martínez Campos musikagileak sortutako obra estreinatu gabeek osatuko baitute egitaraua.

Kontzertu guztiak arratsaldeko 7:30ean izango dira Euskalduna Jauregian.