Bost urte bete ditu Arabatik folkari ordago eginez

Ordago folk taldearen proiektuak 5 urte bete ditu. Sorkuntza eta berreskurapena, dantza eta folka, eta Araba eta bere ondarea balioan jartzea izan dute xede bide honetan. Bi disko, hainbat bideoklip eta makina bat emanaldi pilatu dituzte urteotan.

Murgian sortu zen 2014ko udaberrian Ordago folk taldea. Jose Luis Cantabrana (ahotsa, txistua, silbotea, txirula eta perkusioa), Jose Antonio Fernandéz (akordeoia), David Delgado (biolina), Felix Pedrosa (klarinetea, gaita eta saxofoi sopranoa)  eta Alfonso Rojok (perkusioa) osatzen dute taldea. Kontzertuak eta dantzaldiak eskaintzen dituzte, azken hauetan dantza maisu bat izan ohi dute lagun. Musika instrumentala, kantuak, sorkuntza eta berreskuratutako doinuak moldatzen dituzte beraien errepertorioan.

Zuiako dantza

Arabara lotutako taldea izan da hasieratik Ordago folk. Bertako errepertorioa aztertzeari ekin ziotenean, egoeraz jabetu ziren taldekideak: Arabako dantza gutxi gordetzen ziren eta kantutegian, egoera, okerragoa zen. Kantutegia arakatzean gainera, aurkitutako apurra erabat ahaztua eta baztertua zegoela ikusi zuten.

Horren aurrean taldeak lau bidetatik jotzea erabaki zuen: dantza berriak sortzea (Zuiako dantza, Zuia mazurka…), dantza ahaztuak berreskuratzea (Trebiñukoak kasu), moldaketak eta berrinterpretazioak (doinuak berreskuratuz eta letra jarriz edo olerki zaharrak musikatuz) eta abesti propioak sortzea (Zuia euskaraz, Trebiñu, Ardo on honetatik…).

Taldeak bi disko ditu kalean, lehena Ordago folk  2016an kaleratu zuten. Iaz berriz, heldu zen bigarrena: 2daian. Taldearen beste ezaugarri bat, bideoklipak egiteko joera da: hamar bideoklip grabatu eta youtuben ditu ikusgai.

Hain justu, urteurrena ospatzeko bideoklip berria prestatzen ari dira Ordagoko taldekideak. Urte bukaeran berriz, Erre pui erre  jaia ospatuko dute Gasteizen, urtebetetzeari ginga jarriz.

Gehiago jakiteko, irakurri berriok:

Disko berria aurkeztuko du Ordago Folk taldeak Durangoko Azokan

Txistua & folka: ORDAGO