La Musgaña folk taldea, Garikoitz Mendizabal, obra baten estreina eta kolaborazio ugari dakar Gasteizko Txistu kontzertuak

Abuztuaren 5ean ospatuko da Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietako Txistu Kontzertua. Udal Folklore Akademiak eta Udal Txistu bandak ondutako emanaldiak kolaboratzaile ugari izango ditu Aihotz plazako eskenatokian.

Roberto Alvarez txistulari eta Udal Folklore Akademiako zuzendariak gidatuko du abuztuaren 5ean ospatuko den Gasteizko Txistu kontzertua. Ohiturari jarraituz, emanaldia Aihotz plazan izango da 19:30ean, Arabako hiriburuan ospatzen diren Andra Mari Zuriaren jaien baitan.

Kontzertuan kolaboratzaile anitz arituko dira, besteak beste Garikoitz Mendizabal txistularia, bere garaian Gasteizko Udal Txistu Banda zuzuzentzen aritutakoa. La Musgaña folk taldearen parte hartzea ere azpimarratzekoa da, ibilbide luzeko talde arrakastatsua berau, espainiar folkaren esparrukoa. Oholtzan izango dira baita June Telletxea abeslaria, Gari Otamendi biolin jole eta dantzaria, Niko Zubia tronpeta jolea eta Indarra eta Udal Folklore Akademiako dantza taldeak.

Horrezgain 65 txistulari, Udal Folklore akademiako musikariak (tritikixa, txirula, gaita eta txalaparta joleak) eta konbo zabal batek parte hartuko du (tronpeta, tronboia, bonbardinoa, oboea, klarinetea, fagota, pianoa, gitarra, baxua eta perkusioak).

Estreinaldia

Enkarguzko obra original eta berri bat entzungo da kontzertuan, izan ere, Joaquin Lekunberri musikagile nafarrak sortutako Ara-bari-bira obra estreinatuko baitute.

Kontzertuaren ekoizpena eta musika zuzendaritza Roberto Alvarez Lezaren ardura izan da.

Egitaraua