Hiriburuetako txistu alardeen garaia irekiko du Iruñeak uztailaren 9an

Jai giroan murgiltzear da Euskal Herria eta festarekin batera ohikoak diren txistularien alardeak etorriko dira. Hiriburuen artetik, Iruñea izango da aurrenekoa, ondoren Gasteiz, Donostia eta Bilbo etorriko dira.

Iruñeako txistularien alardearekin, hiriburuetako txistu kontzertu handien denboraldia irekitzen dela esan dezakegu. Uztailaren 9an Nafarroako hiriburuaren txanda izango da, abuztuaren 5ean arabarrena, abuztuaren 10ean Donostiak hartuko du lekukoa eta 25ean Bilbok. datak hurbildu hala kontzertu bakoitzaren nondik norakoak azalduko ditugu txistulari.eus-en. Ez ahaztu halaber, emanaldiotan Maitatia eskuratzeko aukera izango duzuela.

Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra 

60. urteurrena beteko du aurtengoan Iruñeako emanaldiak. EHTE Nafarroak antolatuta, azken urteotako ildoari jarraituko diote, kontzertua ikuskizun bihurtuz eta musikarekin batera istorio bat kontatuz. Hitzordua uztailaren 9an izango da, asteartea, eguerdiko ordu batean, San Jose plazan.

Kontzertuak, azken urteotan legez, antzerkia izango du lagun. Oraingoan etorkizunera joko dute, 2079ko Txistu Kontzertura eramango baigaituzte. 70 urte lehenago emandako kontzertuak dena aldatu zuela kontatuko digute, txistua fama mundialeko musika tresna bihurtu zelarik. Baina nola gertatu zen hori? Erantzun horien bila eramango gaituzte ikuskizunean.Gainera, ekitaldian Jesus Raul Lavin, Pepe Elizalde eta Jose Luis Ansorena izango dituzte gogoan.

Eszena zuzendari eta gidoilari Andres Lopetegi aritu da, musikaren alorrean zuzendari berriz,  Aitor Urkiza.

Egitaraua

Honako bederatzi obra hauek joko dituzte:

  1. Iztilargi …. Luis Urteaga – Moldaketa: Karlos Sanchez Ekiza
  2. Amayur …. Joaquin Iruretagoiena – Moldaketa: Karlos Sanchez Ekiza
  3. Ibai Ona …. Joaquin Iruretagoiena – Moldaketa: Karlos Sanchez Ekiza
  4. Omenaldi …. Jokin Zabalza
  5. Xalbadorren – Eperra …. Xabier LeteHerri doinua – Mold.: Eneko Azparren
  6. Baldorbako txoria – Maruxa Benito LertxundiMikel LaboaYsmael Yagüe – Mold.: Eneko Azparren
  7. Itsasoko beste aldeetan …. Phil Cunnigham Xabier AburruzagaFermin Goñi – Mold.: Fermin Goñi
  8. Udaberria …. Jokin Zabalza
  9. Txa txan …. Urtzi Iraizoz

Eskuko programa informazio osoarekin hemen.