Publiko andana bildu du Arabako Txistulari Gazteen Kontzertuak Amurrion

Arabako 37. Txistulari Gazteen Kontzertua ospatu zen maiatzaren 25ean Amurrion. Emanaldiak publiko ugari bildu zuen Aiaraldeako herrian. Txistulariekin batera, Aiara Dantza taldeko dantzariak eta Gasteizko Udal Folklore Akademiako musikariak aritu ziren.

150 musikari eta dantzariren parte hartzearekin, kontzertua osatu zuten txistulari gazteek Amurrion (Araba). 23 urte ziren Arabako Txistulari Gazteen Kontzertua Aiaraldeako herrian izaten ez zela eta publikoak, ederki erantzun zuen San Anton plaza betez. Gasteizko Udal Folklore Akademiak prestatutako ekitaldian Aiara Dantza taldeak ere esku hartu zuen.

Herri dantzak eta abesti modernoak uztartu zituzten emanaldian zehar. Dantzariek agurra, orpo punta, Uruñelaren kontrapasa, Markinako zahagi dantza, txantxo dantza, zapatagin eta txulalai eskaini zuten musikariekin batera. Huntza taldearen Lasai lasai kanta arrakastatsua edota Euskararen Txantxangorriaren bertsioa jo zuten musikariek, besteak beste.

65 txistulari gazterekin batera, 25 trikitilari gazte, bi perkusio jole, xirulari bat, bi gaitero, baxu jolea eta piano jole bat aritu ziren. Zuzendari lanetan Roberto Álvarez Gasteizko Udal Txistu Bandako zuzendaria aritu zen. Kontzertuak 37 urteko historia du jada eta urtero Arabako herri batean ospatzen da.

Bideoa

Kontzertuan emandako Euskararen txantxangorria kanta duzue hemen. Gure youtube kanalean kontzertuko beste lau bideo topatu ditzakezue.