Txistularien omena jaso zuen Iñaki Letamendiak Tolosan

Iñaki Letamendiak omenaldi beroa jaso zuen Tolosan Euskal Herriko Txistularien Elkartearen eskutik. Zilarrezko dominarekin batera txistulariek aitortza eta maitasuna adierazi zioten, giro alai eta hunkigarrian igarotako egunean.

Zilarrezko domina eskaini zion Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, pasa den larunbatean, maiatzak 11, Iñaki Letamendia Loinaz (Ormaiztegi, 1953) txistulariari. Egun beteko ospakizunean momentu hunkigarriak eta alaitasuna uztartu ziren giro ezin hobean.

Goizeko hamarretan Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorriko txistulariak elkartu ziren Harizpe jubilatuen etxean. Berehalakoan ekin zioten kalejirari, txistu doinuak zabalduz Tolosako herrian. Musikariak, Iñaki Letamendiaren etxe aurreraino heldu ziren. Bertan Letamendiak, familiak babestuta, jaso zituen lehenengo zorion agurrak. Elkarteko ordezkariekin batera eta txistularien doinuak atzetik, hamaiketakoa egitera habiatu ziren guztiak batera.

Etenaldi honen ostean, berriro txistu eta danbolinak martxan jarri eta Udaletxera zuzendu ziren. Bertan, Elkarteko ordezkariek eta alkate andreak ongi etorria egin zioten Iñaki Letamendiari. Ekitaldi nagusia, lepo beterik zegoen udal bilkura areto nagusian egin zen. Aurkezleak bide eman ahala, Olatz Peon Tolosako alkatea, Jose Luis Cantabrana EHTEko idazkaria eta Joseba Tobes EHTEko lehendakari ordea mintzatu ziren.

Une hunkigarriena Garikoitz Mendizabal elkarteko lehendakari ohiak hitza hartu eta Iñaki Letamendiarekin bisitakoak kontatu eta zilarrezko domina ezartzerakoan etorri zen. Ondoren, Tolosako Txistu bandak, Ion Garmendiak gidatuta, ohorezko kontrapasa jo eta dantzariek dantzatu zuten.

Iñakik bere esker ona adierazi eta, txistua joz erantzun nahi izan zion jasotako aitortza eta omenari. Horretarako, semenaren laguntza ere izan zuen atabalarekin. Ekitaldia, abesbatzaren  Agur Jaunak eta Andreak kanta entzunez bukatu zen.

Plazan berriz, kontzertuaren ordua iritsi zen, txistulari, erraldoi, dantzari, abesbatza eta tronpeta joleen parte hartzearekin eta publiko andana erakarriz herriko plazara.

Giro ederrean

Plazako lanak amaituta txistulariak, Iñaki Letamendia aita semeek gidatuta, Tolosako kale estuetan barneratu ziren giro ezin hobean. Azkenik bazkari eta bazkalostean, lagun giroan borobildu zuten egun hunkigarria.

Tolosako atariak ere albistea argitaratu du bere web gunean, argazki galeria batez lagunduta. Hemen duzue ikusgai.