Zukan hirukoak bere lehen diskoa kaleratu du Soinuzko begiradak izenburupean, perkusioa, txistua eta akordeoia lenguai garaikide batekin uztartuz. Horretarako Jon Ansorenak, Maria Zubimendik eta Gorka Catedianok 6 obra berri grabatu dituzte.

Sortzetik erronka bat izan du Zukan hirukoak. Izan ere, Maria Zubimendi akordeoi joleak, Gorka Catediano perkusio joleak eta Jon Ansorena txistulariak 2014an taldea sortu zutenean, jakitun ziren errepertorio espezifikorik ez zutela. Bidea, ezagutzera eman eta musikagileak erakartzea izan zen, talderako obrak sor zitzaten. Eta hala, 15 obrako eta 13 musikagileko karpeta osatu dute.

Musikenen elkar ezagututako musikariok, hiru bakarlari, hiru bikote eta talde bat moduan aurkeztu izan dute Zukan, aukera guztiak baliatuz kontzertuetan. Orain, taldeko lehenengo diskoa kaleratu dute Soinuzko begiradak izenburupean. Lana autoekoizpena da eta sei obra biltzen ditu bere baitan.

Musikagile ezagunak

Musika garaikidearen ezparruan ezagunak diren musikagileak bildu dituzte diskoan: Gabriel Erkoreka, Iagoba Astiazarán, Francisco José Domínguez, Isabel Urrutia, Magnus Limberg eta Mikel Chamizo.

Diskoa sei kuadroren erakusketa moduan aurkezten dute: “inork ez du ezagutzen grabazio hauen atzean dagoen benetako ibilbidea, eta inork ez du galdu nahiko obra hauek entzuten baditu, ikusi egin nahiko baititu. Hori da kontua. Zukanek entzuten dena begiratzeko gonbidapena egiten du”.

Sei musika lanok urte hauetako bidearen lagin bat dela deritzote, eta obren ezaugarri komunei dagokionez “emozioa eta oreka” aipatzen dituzte.

Obrak

Hamaika ilargi (2015) – Jagoba Astiazaran

Haize-orratz (2007) – Gabriel Erkoreka

Seis miradas sobre… (2015) – Francisco José Domínguez

Etorkiz eta izatez (2017) – Isabel Urrutia

Metal work (1984) – Magnus Lindberg

Lantz (2016) – Mikel Chamizo

Gehiago jakiteko irakurri berri hau.