Argazkia: Portugaleteko Txistuzaleak

Portugaleteko (Bizkaia) Txistuzaleak taldeko kideek jakitera eman dute data: maiatzaren 25a. Egun horretan ospatuko dute Portugaleteko Txistu egunaren zazpigarren edizioa. Egitaraua ere, prest dute jada.

Maiatzaren 25ean izango da hitzordua Portugaleten, bertako txistu taldea den Txistuzaleak-en eskutik 7. Txistu Eguna ospatuko baitute. Agendetan lekua egiteko xedez jakinerazi dute berria eta baita izango diren berrikuntzen berri eman, izan ere ” oraingoan eguneko plana aldatu egin dugu lagunartean egoteko denbora gehiago izateko”.

Errepertoria eta bestelako zehaztasunak aurrerago jakinaraziko badituzte ere, egitaraua jada zehaztuta dute.

Egitaraua

Goizeko 10etan goiz deia egingo dute parte hartzaileek Portugaleteko auzoetan zehar. Ondoren, orduak agindu gisan, 11:15ean hamaiketakoarekin berrindartuko dira txistulariak. Kontzertua izango da jarraian, 12:30ean La Canilla geltokiko plazan. Emanaldia borobiltzeko, 13:30ean alde zaharreko kaleak ibiliko dituzte kalejiran eta 14:30ean bazkaria izango da lagun artean.