Txistua & Folka: FOLKETAN

Euskal Herriko eta munduko musiken topagune gisa dakusa bere burua Folketan talde bizkaitarrak. Herrialde ezberdinetako doinuak musika zelta eta folkaren galbahetik lantzen ditu, rock zipriztin batzuekin. Talde zabala osatzen dute, 9 musikarien artean Fernando Baños txistularia delarik.

2010. urtean Sestaon (Bizkaia) ospatzen zen Musikale kale musikako jaialdian eman zituen lehen pausuak Folketan izango zenak. Jaialdiaren karietara hamaika musikari sestaoar elkartu eta hor piztu baitzen irrika. Folketan, musika kultura ezberdinen topagune gisa jaio zen.

Euskal Herriko musika ondareak osatzen du egun taldearen oinarria, beste herrialdetakoei atea irekiz, hala nola Galizia, Irlanda, Erdialdeko Europa… Folka, bluesgrass, musika zelta eta rock zimiko patekin osatzen dute beren musika.

Herri doinuak moldatu eta zenbait autoreren musikaren bertsioak egiten dituzte. Baita letra berriak sortu ere. Horren erakusgarri, 2017an burutu dituzten bi lanak: batetik, taldearen lehen diskoa, Hamaika entzuteko!, Gaua estudioan grabatua; bestetik, Sestaoko erraldoien konpartsarekin grabatutako Biraka ari CD-DVD lana.

Hainbat tokitan izan dira jotzen, hala nola Laudio Folk jaialdian (Laudio, Araba), zenbait alditan Sestaoko Galiziar Letren Egunean eta Magostoetan, Portugaleteko Ibilaldian, Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdian, Hamaika entzuteko! diska aurkeztu dute Durangoko azokaren 52. edizioan, Pollençan (Mallorka) Xeremiers Orat taldearen 15. urteurrenaren ospakizunean, Oiartzungo Soinuenean…

Partaideak

Fernando Baños: txistua eta txirula
Nere Garcia: biolina
Ramiro Lamas: kitarra akustikoa eta elektrikoa eta boza
Luis Zulueta:  kitarra akustikoa eta boza
Javier Ortiz de Zarate: Boza, alboka, zarrabetea, uilleann pipes, txirula, ttun-ttuna, txanbela, whistleak
Aitor Gorostiza:  low & tin whistleeak, txirula, flauta, harmonika, tarota & panderoa
Julen Murga:  eskusoinua
Gorka Agirregabiria:  baxua
Xurxo Gago: bateria, kaxoia, bodhrán eta bestelako perkusioak

Diskografia

Hamaika entzuteko (CD, 2017)
Biraka-ari (CD-DVD, 2017)

www.folketan.com


Artikulu hau Txistua & Folka serieko laugarrena da. Baldintzak betetzen duen proiektua baldin baduzu, bidali informazioa komunikazioa@txistulari.eus helbidera eta horrelako artikulu bat argitaratuko dugu