Izan garena eta izango garena

Argazkiak: Jose Miguel Llano

Abenduak 24, txistulariok Euskal Herriko kaleak ibiliko ditugun egun honetan, urtero legez, izan eguraldi goxo edo makur, urtearen akabera begibistan, izan garenaren eta izango garenaren mugan, ohiko ariketarekin gatoz: urte zaharrak zer utzi digun eta berriak zer dakarkigun.

Txistulariontzat eta gure elkartearentzat mamitsua izan da urtea, eta hori laburbiltzea ez da makala. Horregatik, aurretik doa, bakarmen eskea bidean zerbait uztekotan. Urteroko Asanblada Orokorra Murgian izan genuen martxoan, batzarra ospakizun giroarekin uztartuz Txistu Eguna ere ospatu baigenuen arrakastaz. Urte bukaera berriz Txistulari aldizkaria erabat eraberrituarekin etorri da: kolore gehiago, diseinua erabat berria, atal berriak, umore grafikoa, disko batekin… Elkarlanaren emaitza baita, Gasteizko Udal Folklore Akademiako Txistuka proiektuaren eskutik. Logoa ere aldatu dugula ezin ahaztu, lehiaketa bat tarteko eta bazkideek gure webean azken erabakia hartuta, estu estu. Irudi berri biziagoa eta koloretsuagoa, mugimendua eta elkarlanaren ispilu.

Bi domina banatu ditugu 2018an. Aurrena, Urdiainen Migel Anjel Sagasetari urrezkoa eskaini zitzaion, dantza eta txistu doinu artean. Ondoren, Luis Udakiola zenari zilarrezko domina aitortu zitzaion Donostian, kontzertu-omenaldian. Guzti hoenen eta gehiagoren berri ere jaso dugu gure webean, egunero berri bat behintzat plazaratuz eta agenda proposamenez betez.

Horrela jakin genuen II. Txistu Konposizio lehiaketaren saria atzerrira zihoala edo eta Hernaniko Lehiaketan gazteek txistua osasuntsu dagoela erakutsi zigutela aurten ere. Euskadiko Orkestran txistua bere musikarien arteko beste baten gisa ikusi genuen, Garikoitz Mendizabalen eskuan Agata, basque fantasy obraren estreinuan.

Eskenatoki handietatik harago ere izan ginen, Euskal Herria puntarik punta ibili baitugu Mugarik Gabeko Txuntxuneroen eskutik, Alesbesetik Donibane Lohitzunera, Aoiztik Pasaiara eta gero Gasteizera. Ezin konta hala herrietara txistu doinuak barreiatuz eta herria josiz, nekerik gabe. Urtea Baionan bukatu genuen, txistu elkarretaratze jendetsuan. Izan ginen baita Urduñan, topaketak, jardunaldiak eta galdutako liburuki baten istorioa jasoz.

Txistulari gazteek Iruñeako plaza bete zuten kontzertu koloretsuan eta Araban, horrebeste egin zuten Agurain dantzan jarri zuten. Lau hiriburutako alardeak gure pantaila txikira heldu ziren, bakoitza bere proposamen bereziarekin.

Donostiako udal txistulariak Zugarramurdiko harpeetan ikusi genituen, Iruñeakoek musikaren koloreak aurkeztu zizkiguten eta 7 platereko menua dastazera gonbidatu, Bilboko udal txistulariek Euskalduna jauregitik proposamen ezberdinekin harritu gintuzten eta Uztaritzeko txistularien dantza eta kantuekin gozatu genuen. Erriberara hurbildu eta bertako txistulariek erraldoiak ere dantzan jartzen dituztela ikasi genuen, Silbote aldizkaria ezagutuz.

Disko berriak ere jaiotzen ikusi ditugu: Suakairen Raices Aitor Urkizaren eskutik, Aikoren Mutil dantzak, Ordago folken 2daia Jose Luis Cantabrana txistulariaren eskutik edo eta labetik ateratzear den Gasteiz Big Band eta Udal Txistularien uztarketa diskoa. Aiko Drums danbolin berriak ezagutu ditugu eta nola Nafarroan matrikulazio kanpaina arrakastatsuan 50 txistu oparitu zituzten. Durangoko azokatik ere pasa ginen eta Silboberriren ekoizpen berrien berri jaso genuen.

Istorio txiki eta handiak, bideo, kronika, iritzi artikulu, zozketak (hau berrikuntza izan da) eta gure argazkilariek igorritako argazki ederrak izan ditugu gure web-gunean. Mila esker guztioi zuen ekarpenagatik!

Urte berriak zer ekarriko

2019an Txistulari Gazteen topaketak helduko dira, baita Maitatia disko liburuaren aurkezpena maiatzean eta urteroko gure batzar orokorra, oraingoan Sopelan martxoan. Iruñeatik proiektu multimedia interesgarri bat ondu da eta berau aurkeztuko dugu laster. Hauxe noski aurrepen txiki txiki bat besterik ez da, harritzeko tartea ere utzi beharko baitugu.

Neguko oporrak ondo pasa eta urte berri on izan dezazuela opatuz, gu ere hurrengo urterarte agurtuko zaituztegu, urarrilaren 7a arte atseden hartuko baitugu. Izan ongi eta gozatu! Baina aurretik, txistulariok, kaleak bete ditzagun gaurko egunez, izan eguzki edo euri…