Iñurri txistulariek, harietan jolastuz, diskoa eta liburua ondu dute Zumarragan

Zumarragako (Gipuzkoa) Antxiñako Ama txistu taldeak Zumarrragako Ezpatadantza diskoa eta Iñurriak burdin harietan txistuka liburua argitaratu berri ditu. Aurkezpena egiteko ekitaldi berezia prestatu dute, zuzeneko musikarekin eta hainbat kolaboraziorekin. Ekitaldi honek iaz taldearen 50. urteurren ospakizunen luzapena da.

“Notak pentagraman harietan mugitzen diren iñurriak bezalakoak dira. Iñurriak, langileak ditugu  eta Zumarragan burdinari loturik izan dugu industria.” Horrela azaldu digu Endika Alzelai Antxiñako Amako Txistu taldeko kideak argitaratu duten liburuaren izenburu iradokitzailea: Iñurriak burdin harietan txistuka. Taldeak iaz bete zituen 50 urte, eta hori ospatuz ekitaldi eta ekimen andana garatu zituzten, Txistulari 252an jaso genuen legez. Txistu taldearen historioa eta istorioak bildu dituzten liburua, ospakizun horren jarraipena ere bada. Taldekideen testigantzak, anekdotak, datuak eta argazkiak biltzen dituen lan hau “oroimen ariketa bat” izan da taldekideentzat.

Liburuarekin batera disko berri bat ere aurkeztuko dute Zumarrragako Ezpatadantza izenburupean. “Zumarragarrontzat eta Antxiñako Ama Taldeko txistulariontzat oso berezia den gure ondare preziatuenetaritako bat jasotzen duen diskoa da”. Izenburuak dion bezala, herriko ezpatadantzaren musika jasotzen du lanak; baita gaur egun jotzen ez diren beste bi dantza, inoiz osorik grabatu gabekoak; eta azkenik, 2007an Jose Inazio Ansorenak taldeari eskeinitako Antiorakoa biribilketa grabatu dute haize boskote baten laguntzaz. Moldaketa guztiak Jose Inazio Ansorenak berak egindakoak dira.

Aurkezpena

Ekitaldi berezi baten aurkeztuko dituzte diskoa eta liburua. Eneritz Gorrotxategi aurkezleak gidatutako saioan disko eta liburuko pasarteak aurkezten dituen bitartean, pasarte horiekin bat datozen doinuak entzungo dira zuzeneko musikaren bidez. Horretarako eskenatokian izango dira Antxiñako Ama Txistulari Taldea, Goiargi Abesbatza, Carlos Sagi perkusionista, Ander Garcia baxujolea, Carlos Velasco gitarrajolea, Javier Arratibel piano jolea, Andoni Oruesagasti trikitilaria, Maddi eta Garazi Martin ahizpak eta Mikel Alustiza kantariak eta Mikel Urteaga dantzaria eta txistularia.

Hitzordua abenduaren 22an izango da Zelai Arizti Aretoan. Txarteldegia 18:00etan irekiko da, ateak berriz 18:30ean eta emanaldia 19:00ean hasiko da. Sarrera doakoa da, lekua bete arte.