Txondorra sarirako Jose Luis Ansorena proposatu du EHTE Nafarroak

Argazkia: Olentzero.net

EHTE Nafarroak Txondorra 2018 sarietarako hautagai Jose Luis Ansorena aurkeztu du. Nafarroako ordezkaritzaren aburuz, Olentzero ospakizuna Iruñean sustraitzeko lana eginagatik merezi du saria Ansorenak.

Laugarren urtez antolatu du Olentzeroren Lagunak elkarteak Txondorra saria Iruñean , Iruñeako Udala eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Sariaren zioa, herri kulturaren hedapenean eta azterketan egindako norbanako zein elkarteen lanari aitorpena egitea da.  Nafarroako EHTEk, Jose Luis Ansorenaren hautagaitza aurkeztu du, Olentzero Nafarroako hiriburuan sartzeko eta sustraitzeko egindako lanak hala merezi duelakoan.

Jose Luis Ansorena 1928an jaio zen Donostian, txistuaren eta musikaren alorrean lan eskerga egindakoa, baina batez ere abesbatzen munduan aritua. Iruñean hamar urtez lanean izan zen ume abesbatz batekin, San Antonio eskolania sortuz. Garai horretan bultzatu zuen Olentzeroren ospakizuna Iruñean.

Aurreko edizioetan sarituak: 2015ean Lesakako herria eta Andoni Santamaria; 2016an Joxe Ulibarrena; 2017an Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi.