Silbote, beste txistu aldizkaria

Txistulari aldizkaria ez da txistu aldizkari bakarra. Erriberatik datorkigu berria: Silbote izeneko argitalpen bat bada, txistuaren inguruan jarduten duena. Tuterako Txistulariak Lehenengoak izeneko taldeak argitaratzen du.

2013tik Txistulari aldizkaria ez dago bakarrik txistularion munduan, bada beste aldizkari bat txistua ardatz duena: Silbote. Tuterako (Nafarroa) Txistu Eskolan sortu zen agerkaria diptiko itxurarekin, baina indarra hartuz eta orrialdeak gehituz joan da urtez urte. Egun, urtekaria da, eta aurrera ateratzeko ardura Tuterako Txistulariak Lehenengoak izeneko taldeak du.

Sortzez Erriberan (Nafarroa) txistuaren berri zabaltzea zuen helburu, baina Mugarik Gabeko Txuntxuneroei esker Euskal Herrian zehar hedatzen ari da. Fontso Jimenezek azaldu dizkigu Silbote aldizkariaren gorabeherak. “Bi pertsonek osatzen dute aldizkaria baina argitaratzea pentsaezina litzateke beste pertsona batzuk igortzen dizkiguten artikulu, argazki eta oharrik gabe, hemendik gure eskerrik beroenak eta deialdia, nahi duen orok parte har dezan proiektu xume honetan.” Izan ere, parte hartzeari irekia dagoen ekimena baita Silbote.

Zabalkundeari dagokionez 100 aleko tirada izaten dute, eta aurtengoa 5. zenbakia da. Fontsok azaldu digunez, “gure xedea hobetzea eta ahal dela orri kopurua emendatzea da”. Kolaboratzaile ugari izatea ere nahiko lukete. Edukiari dagokionez, historia, artikuluak, ekitaldiak, agenda, musika, argazkiak eta oroigarriak izaten dira mamia.

Finantziaketari helduz, txistu taldeko kideek jartzen dute puzka bat, gainerakoa, bi enpresen diru laguntzak osatzen du.

Hemen duzue pdf formatoan Silbote aldizkariaren azken alea.