Bost txistu banda Zornotzako Txistu Egunerako

Argazkia: Udazken Txistu Taldea

Larunbat honetan, irailak 22, Zornotzako (Bizkaia) Txistu Eguna ospatuko da, Udazken Txistulari taldeak antolatuta. 18. edizio honek, bost txistu bandaren parte hartzea izango du ardatz.

Udazken Txistulari Taldeak 18. aldiz prestatu du Zornotzako Txistu Eguna, aurtengoan, hitzordua irailak 22 dituenean izango da, larunbataz. Horretarako lau banda gonbidatu dituzte: Eibarko Usartza, Adurtza talde gasteiztarra, Bermeoko Kankinkabara eta Jaizale talde durangarra. Haiekin bat, etxeko taldea noski, Udazken.

Jardunaldia hasteko, arratsaldeko 5etan, talde bakoitzak bere bidea jarraituz, kalejira egingo dute, herriko gune ezberdinetara helduz: Gane, Ixer, Sabino Arana, Zubibitarte, Zubipunte, Bizkaiko Etxebizitzak eta San Juan, Santa Ana eta Andrandi. Ordu bat geroago, 6etan, bost bandak elkartu eta denek batera kalejiran segituko dute, ibilbide hau jarraituz: Zelaieta Zentroa, Udaletxea San Pedrotik, San Migel, Gernika plaza, Andra Mari plaza, Ibaizabal kaletik Ojenbarrenera, Venecia, Harrison, Luis Urrengoetxea, Euskal Herria plaza eta Kalbario plaza. Plaza bakoitzean kontzertu txiki bat eskainiko dute.

Eguna bukatzeko Ojenbarrenako jaiekin bat egingo dute.