Txistua & Folka: IÑAKI PALACIOS

Lurra, ardoa, dantza diskoa kaleratu zuen Iñaki Palaciosek 2017an. Dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen proiektua, ikuskizun bihurtu zen ondoren. Musikagile eta txistulari gasteiztarrak folka landu du bere kantuetan, musika zeltaren zein pop-aren ukituekin. Egitasmo honetan Mulixka dantza taldea izan du ondoan.

Iñaki Palacios (Gasteiz, 1988) txistulariak bere lehen diskoa kaleratu zuen iaz Baga Biga diskoetxearekin. 10 konposizio biltzen ditu lanak, guztiak Palaciosek berak sortuak. Folka, pop eta musika zeltaren ukituekin erabiliz ondu ditu kantuok musikagileak. Doinu lasaiei leku ematen badie ere, orohar doinu bizi eta dantzagarriak dira nagusi. Konponketetan berriz, pisua du kitarrak, Javier Garairen eskuetan, bai elektrikoa eta akustikoari lekua emanez. Oinarri erritmikoa berriz Eneko Espinoren baxuak eta Dani Lopez de Parizaren bateriak ematen dio lanari. Kolaboratzaile gisara Agus Barandiaran trikitixarekin, Amaia Orbe panderoaz eta Ander Hurtado de Saratxo perkusioan.

Proiektua baina, disko batetik harago doa, izan ere, Josu Sanchezek dantza bihurtu zituen kantuok. Sanchezek koreografiak sortzeaz gain, zuzentzen duen dantza taldea ekarri zuen proiektura: Mulixka. Ardoaren munduan inspiratutako lana borobiltzeko aktorea gehitu zuten, lotura emanez eta ikuskizuna josiz

Ibilbidea

2004. urtean, hamasei urte zituela, Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa irabazi zuen Palaciosek.  Kitarrari eta musika elektronikoari lotua egon zen denbora luzez. 2008an berriz, hogei urte zituelarik, Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan musika ikasketak bukatu zituen. Orduan, Bartzelonara leku aldatu zen, ikasketetan sakontzeko xedez, SAE nazioarteko institutu ospetsuan. Aukera, beste musika tresna batzuk landu eta musikagile gisa ikuspuntu berriak lantzeko probestu zuen. Ikasitakoa txistuaren mundura eraman nahi izan zuen gero. Bilaketa horren lehen emaitza da Suena Salburua instalazioa izan zen. Bertan naturaren soinuak eta txistua nahasten dituen konposizioa sortu zuen, 2012an Gasteiz Europako Hiriburu Berdearen kantua izan zelarik.

Basauriko Musika Eskolan txistu irakasle dihardu Palacios, 2012. urtetik. Azken urteok, Lurra, ardoa, dantza proiektua borobiltzen eman ditu. Baga Bigako arduradun Ritxi Aizpururen hitzetan “txistuaren kontzeptu berritzailea eta garaikidea bilatu du diskoan eta munduko musiken ataleko disko bezala definitu daiteke” Palaciosen lana. Hainbat musika tresnekin nahastu arren “diskoaren protagonista nagusia txistua” dela azpimarratzen du Aizpuruk, “gidari eta oinarri”. Txistuak “ezartzen du doinu eta melodia, magalean berriz, laguntza bikaina dauka gitarra, baxu, bateria, zein perkusioekin”. Palaciosek “tartekatu ditu baita digeridooa, handpada eta sekuentziak”, hala re “txistua da protagonista babes guztien gainetik”.

Estreineko emanaldia 2017ko irailak 23an izan zen arren, pasaden abuztuak 6an Gasteizko Matxeten izan zen ikusgai. Proiektuak bere bidea jarraitzen duenaren seinale.

Partaideak

Iñaki Palacios: txistua eta danbolina
Javier Garai: kitarrak
Eneko Espino: baxua
Dani Lopez de Pariza: bateria
Josu Sanchez & Mulixka: koreografiak eta dantza

Diskografia

Lurra Ardoa dantza (2017, Baga Biga)

 


Artikulu hau Txistua & Folka serieko hirugarrena da. Baldintzak betetzen duen proiektua baldin baduzu, bidali informazioa komunikazioa@txistulari.eus helbidera eta horrelako artikulu bat argitaratuko dugu