Txistulari aldizkariko zenbaki berria prest da jada, 252. alea. Gaur goizean, azken ukituak eman eta inprentan sartu da. Etxeko postontzian aurkitu arte itxaron nahi ez duzuenok, bazkideen txokoan topatuko duzue pdf formatuan.

252. Txistulari, hemen da dagoeneko. Ale berria laster izango da zuen etxeetan, eta une honetatik aurrera, pdf formatuan eskuragarri duzue gure web gunean. Gai nagusi gisa 2017ko Txistu Konposizio Lehiaketa hartu dugu. Txapelketan saritutako bi obrak argitaratzen ditugu bertan, Urtzi Iraizozen Uztail eta Luis Elizalderen Passacaglia eta Fuga. Baita epaimahaiak aukeratutako Historia de la Caverna eta Jai erronda, Xabier Otaolea eta Jose Maria Bastidaren obrak hain zuzen ere.

Elkarrizketarako, Ramon Lazkano lotu genuen. Musikagile entzutetsua eta nazioarteko ibilbide zabal baten jabe, txistua ez du arrotz, eta berba interesgarriak eskaini zizkigun, tartean txistu eta orkestrarako proiektu bat esku artean ei duela. Konposizio lehiaketan epaimahai aritu zen eta noski, horren inguruan ere aritu zen. Ez galdu donostiarrarekin egindako Solasean atala.

Gai nagusitik aparte ere badira bestelakoak Ane Arsuagak prestatutako azalaren barruan, bi artikulu interesgarri kasu. Lehenengoa, Martutene eleberria eta txistulariak lotuz egindako artikulu originala, Jose Ignazio Ansorenak sinatua. Bigarrenik, Alex Iribarrek elkartearen historian arakatuz, sorrerara jotzen du, askoren artean erabat ezezaguna diren pasarteak kontatuz. Tartean, elkartea eta El Perro… ez dugu gehiago aurreratuko.

Irakurgai interesgarria hauez gain ez dira falta gure ohiko atalak: txokorik-txoko eta saski naski. Lehenengoari dagokionez, Zumarragako txistu taldearen 50. urteurrenak eman zuena, eta ez da gutxi gero: kontzertu erraldoia, dokumental bat, logo lehiaketa, ipuin ilustratua, liburu bat… Bigarren atalean askotariko gaiak: Iruñako txistularien Diamantezko Ezteia, txistu eta organo bikoteak, bi orkestra eta banda bat txistulari ezagun baten agendan, Txirene saria… Agurrik ere bada, Jean Nesprias txistulari eta dantzaria joan bazitzaigun.

Horiek eta gehiago gure Txistulari berrian, 252. honetan.

Alea osorik hemen gure bazkideentzat.

Oharra

Uda giro bete honetan, EHTEko langileok gure atseden kuota hartzera goaz, etxeko lanak beteta, abuztuaren 1a arte pertsiana itxiko dugu. Bueltan indar berrituta eta galtzak bete lan itzuliko gara. Izan ongi, gozatu uda eta aldizkari berria eta, kontsultatu gure agenda, udan ere, txistua loratzen baita!.