Natura, eguzkia, lurra… Iruñeako Txistu Alardea

Argazkia: Iruñeako Txistulariak

San Fermin usaina gero eta nabarmenagoa den honetan, Iruñeako txistulariak prentsaurrean aurkeztu dute aurtengo Txistu Alardea. 59. edizio honetan Amalur, Eguzki eta Lur izeneko ikuskizuna taularatuko dute uztailaren 9an. Aperitifa, ekainaren 21ean, txistulari gazteen alarde txiki batekin.

Aurtengo Iruñeako Alardea aurkeztu dute hedabideen aurrean Aitor Urkizak kontzertuko zuzendari gisa, Fermin Goñi Txistulari Gazteen Kontzertuko arduradunak, Xabier Olazabal lan taldeko kideak eta Maider Beloki kultura zinegotziak. Ikuskizuna uztailak 9an eguerdiko ordu batetan taularatuko da San Jose plazan. Arte adierazpide ezberdinak uztartuko dituen ikuskizunak Amalur, Eguzki eta Lur izenburua du.

Natura ardatz duen ikusgarri berriak, musika berria ekarriko du, konposizio berriak estreinatuz. Zehazki 12 obra entzungo dira, bat urteko hilabete bakoitzeko. Lanak Joaquin A. Lekunberri, Jesus Mari Beltza, Jokin Zabalza, Iñigo Casalí,  Urtzi Iraizoz eta Aitor Urkizak berak sinatzen dituzte.

Ikuskizunaren koordinatzaile eta zuzendari lanetan Patxi Rodriguez ari da, musika zuzendaritza berriz, Aitor Urkizaren esku dago eta antolatzaile lanetan Euskal Herriko Txistu Elkartea Nafarroa.

Urtaroek, naturako elementuek eta hilabeteek gidatuko duten emanaldiak 111 musikariren igoko ditu oholtzara. Azken urteetan Iruñeako Alardeak izandako garapenaren lekuko. Izan ere, 59. edizioa ospatzen dute aurtengoan. San Ferminetako ekitaldi zaharrenetakoa da, 1959tik etenik gabe urtero eskaintzen den kontzertu hau. Txistuaren presentzia hiriburuko jai nagusian, berriz,  XIV. mendetik dokumentatuta dago.

Alarde Txiki

Aperitifa, ekainaren 21ean iritsiko da Udalaren  plazara 19:30ean, bertan izango baita Txistulari Gazteen Kontzertua. Data ez da edozein, musikaren egun europarra baita ekainaren 21a. Hemen ere, Aitor Urkiza arituko da zuzendari eta aurkezle zein kantari lanetan Hesian taldeko abeslari eta EITBko aurkezle Zuriñe Hidalgo izango da.

100 gaztetxoren parte hartzea gainditzea aurreikusi dute antolatzaileek, Nafarroako musika eskola ezberdinetako txistu ikasleak izango dira, herrialddeko luze-zabaletik helduak. Kontzertuak soinu pop, rock eta jazz mundura hurbilduko da, eta horretarako txistulariek konbo baten laguntza izango dute. Errepertorioa ere, ideia horrekin egingo du bat.

Helburua, soinu zaindu batekin, publiko guztietara zuzendutako kontzertu bat eskaini eta urtean zehar musika eskoletan txistuaren inguruan  egiten den lana plazaratzea da. Baita txistuaren irudiari freskotasuna ematea.

Antolatzailea Nafarroako EHTE da eta arduradun lanetan Fermin Goñi txistularia.