Argazkia: Simon Otxandategi dantza taldea

Horrela aurkeztu digute, Uribe Kostako Txistulari Taldetik, Berangon (Bizkaia) egingo den ekimen hau. Txistuari eskainitako eguna izatea dute xede, ekainaren 30a. Antolatzailea, Simon Otxandategi dantza taldea da eta herria Euskal Herri osotik etorritako txistulariz bete nahi dute.

75 urte bete ditu Berangoko dantza taldeak, eta noski, ospakizunetan murgildurik dabiltza Simon Otxandategi dantza taldeko kideak. Liburua ere, argitaratu dute, eta bertan atal mardula eskaini diote txituari. Argi dago musikatresnaren eta dantzaren arteko lotura ezinbestekoa, eta hori dela eta, txistua omentzeko, egun oso bat eskaini nahi izan diote, ekainaren 30a. Herria txistulariz mukuru jarri nahi dute, horregatik deialdi zabala egin dute bertan parte hartzeko.

Egitaraua

Parte hartzaileak 12etan elkartuko dira Elexalde plazan. Bertan autobus geltokia eta 300 metrora metro geltokia dagoela probestuz. Plazan aparkatzeko lekua izango da, eta betez gero, hurbil dagoen beste aparkaleku bat jarriko dute txistularien eskura antolakuntzatik.

Jarraian, 12:30ean kalejirari ekingo zaio. Fa#ko txistuak erabiliko dira emanaldian eta aukeratutako abestiak honakoak: Sta. Ceciliaren martxa, Segurako Alborada; Elizondo, Gora, Bat-bi-hiru-lau, El caserio eta Ikusi Mendizaleak. Dantza taldeko txistulariek zuzenduko dute kalez-kalekoa, eta tartean edatekorik ere izango ei da. Programa, ahal ere, irekia izango da.

Bukatzeko, 15:00ean bazkaria egingo dute, txistularientzat doakoa izango da eta gainerakoentzat 15 euroren truke. Menua: entsalada mixta, paella eta euskal pastela. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea e-mailez g.valdizan87@gmail.com-era idatziz edo wassapez 637718196 telefonoan.