36 urteko ibilbide duen Arabako Gazteen Kontzertua Bastidara (Araba) helduko da maiatzak 19an. Ehun bat txistulari gazte bilduko dira Arabar Errioxako herrian kontzertua eskaintzeko.

Arabako musika eskola eta kontserbatorio ezberdinetatik etorritako txistulari gazteak, urtero elkartzen dira kontzertu bat emateko eta urtero, herrialdeko herri ezberdin batean egiten dute, aurtengoan, Bastidari egokitu zaio. Edizio honetarako, ehun bat txistulari biltzea espero dute antolakuntzatik. Tartean, Basauri eta Durangoko txistulari gazteak gonbidatu dituzte.

Ibilbide luzea du kontzertuak, 36 urte ez dira ez ahuntzaren gauerdiko eztula. Antolakuntzan, Gasteizko Udal Folklore Akademia eta Bastidako Dantza elkartea aritu dira aurtengoan. Izan ere, kontzertu honetan, dantzariek ere parte hartu ohi dute, baita folklore akademiako musikariek osatutako konbo batek. Txistuarekin batera, baxua, bateria eta perkusioak, teklatua, txirula, trikitixa, dultzaina edota alboka ere entzun daitezke.

Parte hartzaileek entsegua, askaria, kalejira eta ondoren kontzertua izan ohi dute. Ekitaldi arrakastatsua izaten da, publiko jendetsua bilduz. Aurtengo zita, maiatzak 19 Arabako Bastida herrian, 19:30ean.