Silboberri elkarteak Valentziara eramango du txistu garaikidea, hiru jaialdi entzutetsutan parte hartuz. Aitor Amilibia txistularia, Jose Antonio Hontoria soinujolea eta Elur Arrieta perkusio joleak osatuko duten hirukoak, hiru kontzertu eskainiko ditu: Ensems jaialdian, Suecako Mostra Sonoran eta Rafelbunyoleko Projecte Rafel Festival-en.

Silboberriko Aitor Amilibia, Jose Antonio Hontoria eta Elur Arrieta, Valentziako Palau de la Músican kontzertua eskainiko dute apirilaren 22an, arratsaldeko 18:30etan. Emanaldia, Ensems musika garaikideko jaialdiaren programaren barruan izango da, zeinak 40. urteurrena betetzen duen aurten. Jaialdiak “sorkuntza berriari atxikitako edozein etiketarekin” apurtu xede du eta “gogoetarako zein azterketa, esperimentazio eta berrikuntzarako plataforma” izan nahi du. Edozein motatako proposamenak uztartzen ditu, “baita musika herrikoia ere”. “Publiko kritikoa sortzea, artearen inguruko gogoetak egin, ikusgarritasuna ematea sorkuntzari eta partehartzea bultzatzea” helburu gisa ditu.

Hurrengo geralekua, Suecan izango da, maiatzaren 13an, Mostra Sonoran esku hartzeko. Azkenik, urriaren 6an Rafelbunyolen izango dira Projecte Rafel Festival -en kontzertua eskaintzeko.

Egitaraua
Hiru obrako egitaraua joko dute. Txistu, danbolin eta akordeoirako bi pieza: Haize-Orratz Gabriel Erkorekarena eta Felix Ibarrondoren Eziñeruntz. Programa itxiz, Yolanda Camposen Lich izeneko lana estreinatuko dute, kasu honetan perkusioak lagunduta. Lich obraren azalpenak, egilearen eskutik hemen.